Kultur ondarea zaharberritzeko laguntzak emango dituzte

Ataria 2019ko irailaren 27a

Kultura Sailak 52.908 euroko laguntza emango du, Tolosaldeko kultur ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko. Gipuzkoako kultur ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko laguntza batzuk onartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak. Tolosaldeari dagokionez, hiru proiektuk jasoko dituzte laguntza horiek.

Alde batetik, Alkizako Garaikoetxea baserriaren teilatua eta egitura zaharberrituko da. Hain zuzen, baserriko obraren bigarren zatiari ekingo zaio. Baserriak ohikoa ez den egitura daukanez, egitura guztia desmuntatu eta berriz muntatu beharko da.

Beste aldetik, Larraulgo eta Belauntzako udalek ere jasoko dituzte laguntzak. Lehenengoarentzat 4.678 euro izango dira, Txuringadi errotako ubidea zaharberritzeko. Bigarrenak, berriz, 1.340 euro jasoko ditu, zura tratatzeko.

Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu du ondarea babesteko eta hedatzeko politiken barruan kokatzen direla laguntza hauek: «Laguntza hauekin, Gipuzkoako udalerrietan dugun ondare garrantzitsua babestu nahi dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!