Eskualdeko irratia  martxan da berriro

Ataria 2019ko irailaren 26a

‘Ataria irratia’-k denboraldi berriari ekingo dio; informazioa eta entretenimendua uztartuko diren eduki berriak izango dira.

Motorrak berotzen jardun ostean, badator Ataria irratia-ren denboraldi berria. Ohi bezala, Tolosaldeko informazioa eskaintzen jarraituko du entretenimendurako edukiak partekatzearekin batera. Guztia 107,6-an, fm bidez jarraitu nahi izatera, edo bestela, ataria.eus-en.

Hain juxtu, egunerokotasunarekin lotutako edukiekin hasiko da Pasahitza magazina astelehenetik ostiralera, 09:00etatik aurrera. Goizeko lehen ordu horretan helduen eta gazteen solasaldiak eta solasaldi politikoak hartuko du lekukoa ostegunetan eta ostiraletan. 11:00ak bitarteko gainerako tarteak askotariko gaiekin osatuko dira. Astelehenetan, esaterako Postalak tartearekin munduan zehar bidaiatzen jarraituko dugu eskualdeko lagun bidaiarien laguntzarekin; astearteetan, arkeologia, komunikazio ez bortitza, telesailak eta zinema edota Tolosaldeko pertsonaiak jorratuko ditugu; asteazkenetan eskualdeko garapen agentziari eskainiko diogu tartea; ostegunetan, literatura jorratuko dugu Letren errepublika-n eta lehen sektorea Baserritik ataletan; eta, ostiraletan, kimika, azken ostirala, psikopedagogia, ekonomia edota errezetak izango dira entzungai, gure uhinetan, besteak beste. Ostiraletan, halaber, ekologia ere izango dugu hizpide, Amalurra atal berrian.

Kirolak, bere lekua

Kirolak ere pisua izaten jarraituko du Ataria irratia-n, denboraldi berrian ere. Hala, eskualdeko kirola jorratzen duen Eutsi goiari saioari, herri kirolei eta pilotari buruzko saioak gehituko zaizkio. Patxadaz egindako eta patxadaz entzuteko solasaldiek ere tartea izango dute astelehen eta astearteetan, eta bertsolaritzari buruzko (H)ari naizela eta trikitiari buruzko Hauspo artean saioek ere jarraipena izango dute. Denboraldiak aurrera egin ahala saio berriak ere entzuten joango dira, eta horietan ahots berriak –ezagunak nahiz ezezagunak— entzungo dira. Eta, nola ez, musika saioak ere izango dira gurean. 

Azpimarratzekoa da, Ataria irratia herritarrek ere egiten dutela, eta ateak zabalik dituela era batera edo bestera parte hartu nahi duen edonorentzat. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!