Greban jarraituko dute, hitzarmen duin eta justu bat lortu arte

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 25a, 14:54

Grafikagintza sektoreko langileek bosgarren greba eguna izan dute gaur, %70eko jarraipenarekin; lanuzteekin jarraituko dute, bihar, eta urriaren 2an eta 3an.

Ekainean eta uztailean hasi ziren mobilizazioekin. Orduan, ELAk, LABek eta UGTk deituta,  lau greba egun egin zituzten grafikagintza sektoreko langileek. «8 hilabete dira herrialdeko hitzarmenaren negoziaketak hasi zirela. Ordutik, KPIari lotutako igoera hutsal bat soilik eskaini du patronalak, langileen eskaera guztiak baztertuz. Hori ez da nahikoa. Gure jarrera negoziatzailea izan den arren, ADEGIk jarrera zorrotza mantendu du, negoziatzeko ateak itxiz eta sektorea konfrontaziora eramanez».

Gaur, Tolosako Trianguloa plazan elkartu dira sektoreko dozenaka langile, «ADEGIren negoziazio borondate falta eta arduragabekeria» salatzeko. Ondoren, manifestazioa egin dute. Sindikatuek adierazitakoaren arabera, «greba arrakastatsua izan da, %70eko jarraipena izan duelako. Langileek bat egin dute deialdiarekin, eta grebaren jarraipen zabal hau are eta garrantzitsuagoa da kontuan izanda sektoreko enpresen %90 baino gehiago enpresa txikiak direla».

Egun, sektoreak bizi duen egoera «ona» dela diote. «Enpresetako lan karga handia da, eta ondorioz, ulertezina eta onartezina egiten zaigu ADEGIren jarrera. Proposamena hobetzeko tartea handia da. Hala ere, soldata igoera batez gain, lan baldintzak hobetuko dituzten eskubide sozialak ere beharrezkoak dira, hala nola, soldata igoera duinak, lizentzien egokitzapen eta hobekuntzak, kontratuen hobekuntzak, Estatuko hitzarmenaren aurrean blindajea, prekarietatearen aurkako neurriak eta errelebu kontratua».

Guztira, 8 greba egun

Sindikatuetako kideen hitzetan, «ADEGI izan zen gure proposamenak ukatu zituena, mahaitik altxa zena eta hausnarketa bat egin behar zuela esan zuena. 3 hilabete geroago, emaitzarik ezagutu gabe jarraitzen dugu. Negoziazio mahaia hautsita dago». Ondorioz, Gipuzkoako Enpresen Elkarteak «sektorea konfrontaziora eraman duela, eta horregatik, sindikatuen eskaerak kontuan izango dituen proposamen serio batekin negoziazioaren aldeko apustua egin behar duela» azpimarratzen dute.

Grafikagintzako langileak berriro mobilizatuko dira, «guztiontzat izango den sektoreko hitzarmen duin baten alde, gu garelako gure lanpostuetara itzuli nahi dugun lehen pertsonak». Bihar, eta urriaren 2an eta 3an izango dira hurrengo lanuzteak. Ekaineko eta uztaileko lau greba egunak kontuan izanda, sektoreak 8 greba egun burutuko ditu, eta beraien esanetan, «ez dira azkenak izango, sektorearentzat duina, justua eta onargarria den hitzarmen bat lortu arte mobilizatzen jarraituko dugulako».

Gaurko elkarretaratzearen aurretik, auto karabana egin zuten eskualdeko enpresetatik. Bihar gauza bera egingo dute Buruntzaldean, 12:00etan ADEGIren egoitza parean elkartu aurretik. Datorren astean, berriz, Tolosan eta Donostian bilduko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!