'Tu-tik Gu-ra', norbanakoak taldean ere euskaraz aritzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 25a, 15:59

Abian da Mintzalaguna egitasmoa; eskualdeko herritarren eskura daude euskaraz egiteko espazioak. Galtzaundik antolatu du, bertako eta inguruko eragileekin elkarlanean.

Ikasturte berriarekin batera martxan da Mintzalaguna egitasmoa. Eskualdeko mintzalagunek hasi dute ikasturtea, eta ekimenera batzen ari direnak talde berrietan hastear dira. Dagoeneko ezagunak dira euskaraz aritzeko espazio hauek. Astean behin elkartu eta ordubeteko saioak egiten dituzte, aisialdiari eta eguneroko martxari egokitutakoak, eta erabat doakoak.

Hitzordu horietan, euskaraz ongi dakitenak eta euskara praktikatu nahi dutenak elkartzen dira, hiztun berriei leiho bat irekiz. Tu-tik Gu-ra da aurtengo leloa, eta Mintzalagunen komunitatean, norbanakoak taldean euskaraz praktikatzea bultzatzeari egiten dio erreferentzia. Beraz, herritar guztiak gonbidatzen dituzte parte hartzera; euskara praktikatu nahi dutenak, nahiz praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak.

«Mintzalagunak norbere lotsak gainditzen laguntzen du, praktikatuz ikasten delako, eta jakina, harreman berriak euskaraz egiteko ere aukera bikaina eskaintzen du», azaldu du Idoia Lahidalga Galtzaundi Euskara Taldeko kideak. Hain justu, Galtzaundik jarri du abian ekimena, Andoaingo AEK eta Aitzol Udal Euskaltegien, eskualdeko udalen eta UEMAren laguntzarekin.

BI POSTURA, ZORTZI HERRI

Bi aukera daude Mintzalagunean parte hartzeko. «Alde batetik, euskara ikasten ari delako edo euskaraz aritzeko zailtasuna duelako, praktikatu nahi duena Bidelari izan daiteke. Bestalde, egunerokoan euskaraz egiten duelako, euskaraz egin nahi duen horri lagundu nahi diona, Bidelagun izan daiteke».

Une honetan, eskualdeko sei herrietan daude Mintzalagun taldeak: Alkizan, Altzon, Anoetan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. «Beste zenbait herrietan aurten martxan jartzekoak gara, hala nola, Ibarran eta Ikaztegietan». Tolosaldeko 100 herritarrek hartu zuten parte pasa den ikasturtean, 23 taldetan banatuta. Euskal Herriko egoerari begiratuz gero, Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa. «6.000 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte iaz, eta urtero geroz eta gehiago izaten dira».

IZEN EMATEA, HERRIZ HERRI

Alkiza. Udal dinamizatzailearekin jarri behar da harremanetan edo kultura@alkiza.eus helbidera idatzi.

Altzo. Izena eman nahi dutenek udal bulegoetara jo behar dute.

Anoeta. Anoetako Udaleko euskara zerbitzuan dago aukera. Bestela, 943 651 200 telefono zenbakira deituz edo euskara@anoeta.eus helbidera mezua bidaliz.

Ikaztegieta. Izena eman nahi dutenek udal bulegoetara jo behar dute.

Villabona. Udaleko euskara zerbitzura deituz (943 692 100) edo euskara@villabona.eus-era idatziz.

Zizurkil. Udal bulegoetan, 943 691 012 zenbakira deituz edo bulegoa@zizurkil.eus helbidera idatziz.

Tolosa eta Tolosaldea. Galtzaundiren bulegoan, 943 655 004 zenbakira deituz edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera mezua bidaliz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!