Bizikletek hartuko dituzte Ibarra eta Tolosa, ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 24a, 11:57

Europako Mugikortasun Astearen harira, Tolosa eta Ibarra arteko bizikleta bira ospatuko da ostiralean, eta bi herrietako ikastetxe guztiek hartuko dute parte.

Ibarra eta Tolosako udalek hainbat ekitaldi antolatu dituzte aste honetarako Mugikortasun Jasangarriaren Europako Asteari lotuta, Tolosaldea Garatzen agentziaren laguntzarekin. Besteak beste, ostiral arratsaldean egingo dute bi herri horien artean Bizibira.

Ibarrako eta Tolosako ikastetxeak lotuko dituen bizikleta bira da Bizibira eta ikastetxeetara joateko eredu jasangarriagoak daudela frogatzea dute helburu.

Intujai antzerki taldeak dinamizatuko du ekimen hori. Igor Zapirain Ibarrako alkateak biraren xehetasunen berri eman du: «16:30ean Ibarrako plazatik abiatuko gara, eta Uzturpe ikastetxeko ordezkariek testigua eramango dute; 17:00etan Samaniegon izango gara, 17:10ean Herrikidetik pasako gara eta 17:20ean Laskorainera iristea da gure asmoa. Azkenik, Zumardiaundian amaituko dugu bira». Horra iristean, merienda egingo dute eta Bilboko Zirkozaurre zirku konpainiaren eskutik zirko tailerra egingo da. Puzgarriak ere egongo dira txikienentzat. Intujai antzerki taldeko May Gorostiagak herritarrak animatu nahi ditu zirku tailerretan parte hartzera, eta mezu bat zabaldu du: «Zaindu planeta, hartu bizikleta».

Zapirainek azaldu du, aurten, Tolosa eta Ibarrako ikastetxeetara oinez, bizikletaz, garraio publikoaz edo auto partekatuz hurbiltzen diren irakasleak saritu egingo dituztela.

TOLOSARI BEGIRAKOAK

Tolosako ikastetxe guztietako 6. mailako ikasleak tailer praktiko batzuk egiten ari dira, egunotan, mugikortasunaren bueltan: udaltzainen gidaritzapean, Tolosako errepide eta bidegorrian zehar bizikletarekin joateko kontuan hartu behar diren arauen inguruan dabiltza. Bihar izango dute tailerren azken eguna.

Ostegunerako, berriz, MUGIpuzkoa ekimena antolatu dute, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, Trianguloa plazan. Patxi Amantegi Tolosako zinegotziak azaldu duenez, «herritarrei Mugi sistemaren inguruko informazioa azaltzea da asmoa, eta gainera, Mugi txartela egiteko aukera ere eskainiko dugu». Interesa dutenek, gunean bertan izango dute argazkia ateratzeko, NAN eta Familia Liburuaren kopiak egiteko, inprimakia betetzeko eta ordainketa egiteko aukera. Era berean, erabiltzaileek txartelaren inguruko kezkak eta zalantzak argitu ahal izango dituzte.

HAINBAT DATU

Mugikortasun jasangarriaren sustapenean lanean ari dira eskualdeko udalak. Horixe azaldu du Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko udal saileko arduradunak. «Aurtengo leloarekin, Oinez eta bizikletaz segurtasunez ibili,azpimarratu nahi dugu mugitzeko bi forma horiek gure osasunerako, ingurumenerako eta gure ekonomiarako onurak dituztela», esan du.

Tolosaldeari dagokionez, auto pribatuen erabilera «oso altua» dela dio. «Gure eskualdean 0,67 ibilgailu daude biztanleko; eta hori, Gipuzkoako eta EAE mailakoa baino motorizazio tasa altuagoa da», azaldu du. Horren arrazoiak ere eman ditu: «Gure herri askoren landa izaera, eskualde barneko errepide konexio onak, amaitu gabeko bidegorri sarea...».

Eskualdean biztanleen joan-etorrien %54a autoz egiten dela ere aipatu, %10a garraio publikoan eta %36 modu alternatiboan. Mendizabalek esan du erronka bat dutela, «datozen urteetan %54 hori jaistea».

Bestalde, Gipuzkoako Bizikletaren behatokiak dio, 2017ko azken datuen arabera, Gipuzkoa mailan, eguneroko txirrindularien joan-etorrien ehunekoa jaitsi egin dela. «Horrenbestez, eten egin da 2014an hasitako goranzko joera». Hala ere, azpimarratu du Gipuzkoa mailan txirrindularien artean hobekien baloratutako bidea Zizurkil eta Asteasu artean dagoen bidegorria dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!