Grafikagintzan lau greba egun deitu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 23a, 11:10

LAB, ELA eta UGT sindikatuek "sektoreko hitzarmen duin baten alde" deitu dituzte mobilizazioak. Irailaren 25ean eta 26an, eta urriaren 2an eta 3an aterako dira kalera.

Grafikagintzan berriro greba egingo dute. Ekaina eta uztailan lau egun mobilizatu ziren, eta iraila eta urrian bina egingo dituzte. Guztira, beraz, 8 greba egun antolatu dituzte sindikatuek aurten. Azkenak ez direla izango ere iragarri dute, "izan ere, sektorearentzat justua eta onargarria den hitzarmen bat lortu arte mobilizatzen jarraituko baitugu". 

LAB, ELA eta UGT sindikatuek ADEGIren negoziazio borondate falta eta arduragabekeria salatu dute: "Duela 8 hilabete hitzarmenaren negoziaketak hasi zirenetik, patronalak KPIari lotutako igoera soil bat bakarrik eskaini du, langileen eskaera guztiak baztertuz. Gure jarrera negoziatzailea izan den arren, ADEGIk jarrera zorrotza mantendu du, negoziaketarako ateak itxi eta sektorea konfrontaziora eramanez".

Egun sektoreak bizi duen egoera "zorionez ona" dela esan dute sindikatuek. Aldi berean, ez dute ulertzen "enpresetako lan karga handi" horrek ADEGIren jarreran eraginik ez izatea: "Enpresak proposamena hobetzeko margen handia du". Sindikatuentzat soldata igoeraz gain, lan baldintzak hobetuko dituzten puntuak sartzea "ezinbestekoa" da; "soldata igoera duinak, lizentzien egokitzapen eta hobekuntzak, kontratazioetan hobekuntzak, hitzarmenaren blindajea eta errelebu kontratua dira hitzarmenean sartu ahal eta behar diren puntuetako batzuk".

Sindikatuen esanetan ADEGIren esku dago grebara joatea edo ez: "ADEGI izan zen negoziazio mahaitik altxa zena, erreflexio bat egin behar zuela esanaz. Hiru hilabete beranduago erreflexio horren emaitzarik ezagutu gabe jarraitzen dugu". Gauzak horrela, LAB, ELA eta UGTren ustez ADEGIri tokatzen zaio langileen eskaerak kontuan izango dituen proposamen "serio" bat luzatzea. "Hau horrela ez bada, akordio duin eta justu bat izan arte greba egun gehiago deituko ditugu", esan dute sindikatuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!