Aiztondoko hainbat herrik Mugikortasun Astearekin bat egin dute

Irati Saizar Artola 2019ko ira. 18a, 15:59

Aduna, Zizurkil eta Villabonako udalek eta ikastetxeek mugikortasun festa antolatu dute ostiralerako; Zubimuxu zubi ingurua itxita egongo da trafikoarentzat, goizean zehar.

Astelehen honetan eman zaio hasiera Europa mailan Mugikortasun Iraunkorraren Asteari. Igandera bitarte iraungo dute ekitaldiek hainbat lekutan, eta aurten ere, Aiztondoko bailara osatzen duten hainbat udalek bat egin dute egitasmoarekin. Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabonako udalek, Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, ostirala baliatuko dute mugikortasun festa antolatzeko.

Etzi, beraz, Zizurkil eta Villabona batzen dituen Zubimuxu zubian eta inguruko kale nahiz errepideetan ospatuko dute festa. 10:30etik 12:00etara, bailarako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek inguru horietako kaleak hartuko dituztela azaldu du Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak: «Ibilgailurik gabeko eguna denez, inguru hori itxita egongo da trafikoarentzat, eta herriko ikasle eta ikastetxeekin jolasak egiteko aprobetxatuko dugu».

Era berean, Adunako ikastetxeko ikasleek eta irakasleek bizikletan egingo dute ibilbidea Zubimuxu zubiraino. Horrela azaldu du Josu Amilibia Adunako alkateak: «Aduna eta Andoaingo mugan dagoen bidegorritik 10:00etan abiatuko dira bizikletan, eta behar den tokietan errepidea moztuko da». 10:30ean elkartuko dira Aduna, Zizurkil eta Villabonako ikasle eta irakasleak mugikortasun iraunkorrarekin harremana duten jokoak egiteko.

Bestalde, 09:30etik 12:30era motordun trafikoari lotutako mozketak egongo dira bailarako zenbait errepidetan eta soilik oinezkoek, bizikleta erabiltzaileek eta baimendutako ibilgailuek igaro ahal izango dituzte eremu horiek.

SENTSIBILIZATUZ

2000. urteaz geroztik, irailaren 16tik 22ra Mugikortasun Astea ospatzen da herri eta hiri ugaritan. Beste mugikortasun ohitura batzuk aldarrikatzeko egiten dela azaldu du Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko udal saileko arduradunak: «Gure eskualdean, mugikortasun jasangarriaren inguruan, politika jarraitu bat eramaten dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta udalekin batera, beste mugikortasun ohitura batzuk aldarrikatzeko asmotan; bai hiri eta landa eremuan oinezkoentzako eta bizikletentzako bide egokiagoak erabiliz, eta baita ibilgailu pribatua alde batera utzita ibilgailu elektrikoa sustatuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!