Epaileak zer erabakiko zain

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 18a, 11:59

Ezpala gaztetxeko kide batek eta Kaxildako bik, epaiketak izango dituzte datozen asteetan. Tolosako eta Zizurkilgo Gazte Asanbladetatik egoera ezagutzera eta mobilizatzera deitu nahi dituzte gazteak.

Duela bost hilabete gertatu ziren bi okupazioak. Tolosako Ezpala eta Zizurkilgo Kaxilda gaztetxeak errealitate bihurtu ziren apirilean. Edo behintzat, etorkizunean gaztetxe izaera izateko bi eraikin hartu zituzten Tolosako eta Aiztondoko Gazte Asanbladetako kideek. Orain, ordea, epaiketara deitu dituzte okupazio horietan identifikatutako hiru gazte. Horietatik bat da Tolosakoa; besteak, berriz, Aiztondokoak dira.

Kaxilda gaztetxeko gazteen aurkako epaiketa, datorren asteartean, hilak 24, izango da. 12:30ean hasiko da, Tolosako Epaitegian, eta usurpazio arina egozten diete. Ezpalako gaztea, hasiera batean, irailaren 3an zegoen epaitzera deituta. Duela hilabete, ordea, mezu bat jaso zuten, epaiketa atzeratu egiten zela ohartaraziz; orain, data berriaren zain dago.

Eraikinak okupatu zituzten unetik izan zuten jabeekin negoziazio prozesua abiarazteko gogoa. Tolosakoen kasuan, baina, ez dute harremanik izatea lortu. «Modu ezberdinetan saiatu gara, baina bere aldetik ez dugu erantzunik jaso». Kaxildaren kasuan, berriz, jabeekin harremanetan egon dira. «Negoziazio mahai bat ireki genuen jabeekin eta udal gobernuarekin. Prozesua oso neketsua izan da guretzat, presio soziala handia baitzen. Traba ugari izan ditugu, eta azkenean, ez du fruiturik eman».

Tolosako eraikinak itxura zaharkitua zuen. «Sabaia erorita, zenbait gune ustelduta eta hormak botata zeuden. Birmoldaketari esker, ekintza ezberdinetarako gelak ditugu. Gainera, paretak txukuntzeko asmoz, muralak ere margotu ditugu». Kaxildaren kasuan, azpiegitura berritu batekin egin zuten topo. «Nahiko txukun zegoen, eta beraz, ez dugu aldaketarik egin behar izan. Hala ere, gaztetxe itxura eman diogu, muralak margotuz, oholtza txiki bat eta barra muntatuz, eta bilerak egiteko, arropa gordetzeko eta artistek lo egin dezaten gela ezberdinak sortuz».

ERABILERA ANITZEKO GUNEAK

Bai Ezpalan, baita Kaxildan ere, gazte gehiago erakartzea dute helburu. Jakitun dira, ordea, «oso zaila» dela. «Asko ez dira eroso sentitzen, ilegalki okupatutako guneak direlako». Hori dela eta, gazteak herrira ateratzen saiatu dira, manifestazioak egiten, edota dinamika ezberdinak lantzen, herritarrengana gerturatzeko asmoz.

Eragile ezberdinez osatutako gaztetxea da Ezpala. «Une honetan, bilerak egiteko edo egun puntualetarako erabiltzen da. Hala ere, arratsaldez erabili ahal izateko formularekin asmatu nahian gabiltza». Kaxilda, berriz, eragile bakarrak gidatzen du, Aiztondoko Gazte Asanbladak. Hala ere, antzerki edo dantza taldeek ere erabiltzen dute espazioa. «Bestela, formakuntzak, bilerak edota serigrafia tailerrak egiteko erabiltzen da».

Gazteek ilusioa dute, euren aldetik mobilizatzeko eta ekintza ezberdinak antolatzeko. Antolakuntza aldetik, lan-talde ezberdinetan banatzen dira bi gaztetxeetan: auzolan taldea, komunikazio taldea... «Gazte bakoitza gehien motibatzen dion taldean edo prest ikusten den lanean murgiltzen da. Talde bakoitzeko kideek duten jakintza kolektibizatzen ere saiatzen gara».

GAZTETXETIK KALERA

Pasa den larunbatean, kalera irten ziren Ezpala gaztetxekoak, herritarrek egoera zein den jakin dezaten. «Langile klaseko sektore guztiek gaztetxea zapaltzea nahi dugu. Dena den, gaztetxeko jarduna aisialdi eta parrandatik haratago doa. Langile klaseko kideok, desjabetuok, gure beharrak modu autoantolatuan asetzeko antolatzen gara, eta kapitalari gure interesak kontrajartzeko gaitasunak biderkatzen ditugu».

Herritarrei kontzientzia pizteko asmoz, uztaila erdialdera GTX festa antolatu zuten Zizurkilen, asteburu osorako egitarauarekin. «Helburua, inaugurazio bat egitea zen. Aurreko hilabeteetan ekintzak antolatzen genituen, baina jendea ez zen bertara hurbiltzen. Hori dela eta, gaztetxea herritarrengana hurbiltzeko prestatu genuen. Gaztetxeko egitaraua plazara pasa genuen, eta jende gehiago hurbiltzen zela ikusi genuen. Gaztetxea, gainera, ez dugu festa leku soil bat izatea nahi, baizik eta arte politikoaz gozatzeko espazioa izatea, eta herriarekin komunitatea sortzen joatea».

Arestian aipatu moduan, Kaxilda gaztetxeko kideen aurkako epaiketa asteartean izango da, 12:30ean, Tolosako Epaitegian. «Ordu berean elkarretaratzea egingo dugu kanpoaldean. Beraz, eskualdeko eta inguruko gazte guztiak deitu nahi ditugu bertan parte hartzera». Aurrerago jakingo da epailearen erabakia, baita Ezpalako gaztearen aurkako epaiketaren eguna.

Epaiketa une batetik bestera izango bada ere, Ezpalan oraindik prest azaltzen dira negoziazioekin jarraitzeko. «Zaila izango da, gu botatzen eta zapaltzen saiatuko direlako. Hala ere, esperantza handia dugu, eta borrokan jarraituko dugu». Aiztondoko gazteak ere itxaropentsu daude, nahiz eta gaztetxea ez izan azken helburua, «gauza handiagoak lortzeko bitarteko bat baizik. Sistema honi alternatiba bat bilatzea, edo hori sortzeko baldintza batzuk eraikitzea da gure asmo nagusiena».

Azken hilabeteetan, ekintza ugari eman dira aurrera bai batean zein bestean: gai politikoei buruzko hitzaldiak, tailerrak, bertso eskolak... Aurrerantzean ere egingo dituzte. «Helburua gaztetxe bat izatea da, eta hori lortu arte jarraituko dugu». Kaxildakoen kasuan, erabakiaren arabera, baliteke beste modu batera lan egitea. «Gaztetxera etorri eta gu bertatik botatzea lortuz gero, asanblada modura jarraituko dugu lanean, paraleloki. Noski, espazio fisiko bat lortzeko borrokak aurrera jarraituko du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!