Udalak positiboki baloratu ditu turismoko datuak

Irati Urdalleta 2019ko ira. 18a, 10:01

Erosteko ahalmen ekonomikoa duena eta 40 eta 60 urte artekoa. Horrelakoa da udan Tolosara etorri den turistaren perfila.

Turismoak gero eta pisu handiagoa dauka Gipuzkoan, eta bistan denez, baita Tolosan ere. Okupazio tasa %90eko izan dela eta horrek ekonomian eragina izan duela azpimarratu dute udaletik. Olatz Peon alkatearen hitzetan, Tolosak, barneko herria izan arren, asko du eskaintzeko. «Lehiakorra da turismo alorrean, Donostiatik gertu dagoelako eta beste hainbat herri eta leku bisitatzeko ondo komunikatuta dagoelako», gaineratu du Nerea Letamendia zinegotziak. Azaldu duenez, Tolosara datozen turistek bertan kontsumitzen dute eta gastronomiaz gain, ondareaz, lasaitasunaz, naturaz edo kulturaz gozatzen dute.

Udaletik gaineratu dute turismo jasangarria helburu izan dutela eta horretarako, estrategia zehatz bati jarraitu diotela, helburuak argi izateko eta guztia plangintza baten baitan egiteko.

Turista gehiago etortzeak eragina izan du herrian. Hain zuzen, erretegiak beteta egon dira , azokako salmentek ere gora egin dute abuztuan eta ostalariek nahiz merkatariek pozik daudela diote: «Aurtengo udako turismoak eragin positiboa izan du hiri ekonomian, eragileek sentsazio oso ona izan baitute», esan dute udaletik.

Bisitariak erakartzeko kalitatezko eskaintza izateari ere garrantzi handia ematen dio Nerea Letamendiak. Tolosan arrakastatsuak diren gastronomiaz, kulturaz eta naturaz haragoko eskaintzari ere erreparatu behar zaiola dio: bi tenpluak, Alde Zaharra, Topic museoa, larunbateroko azoka... Datuei begira jarrita, 1.800 pertsona inguruk bisitatu dituzte Santa Klara eta Santa Maria elizak eta 234 bisitarik egin dituzte tenplu horiek ezagutzeko bisita gidatuak.

Udalak dioenez, aurten garrantzi handia eman diote komunikazioari eta teknologia berriei eta gustura agertu dira horrek eman duen fruituarekin. Hain zuzen, gero eta bisitari gehiagok jasotzen dute informazioa webgunearen bidez eta turismo webguneko bisitak bikoiztu egin dira. Gainera, %70ak mugikorra erabiltzen du.

HURRENGO URTERA BEGIRA

Digitalizaziorako joera ikusita, webgunea mugikorretara egokitzeko urratsak egingo dituztela nabarmendu dute.

Eskaintzari dagokionez, eskaera nagusia izan da Santa Klara eta Santa Maria elizak osorik bisitatzeko aukera izatea. «Espazio gehiago ikusteko aukera izan dezaten lan egingo dugu», baieztatu dute. Horrez gain, bisita erakargarriagoak egiten ere saiatuko dira. Horretarako, udalak horien formatua berrikusiko du eta gidoi berriak prestatuko ditu. Gainera, azokari buruzko bisita gidatua eskaintzeko asmoa ere badaukate.

«Balorazio oso positiboa egiten dugu, beraz, baina badugu zer hobetua eta horretara bideratuko dugu gure indarra, turismoa aukera bat delako guretzat eta tolosarrontzat», azpimarratu dute.

Udako ekintzak udazkenera zabaltzen ere saiatuko dira. Horretarako, gastronomiarekin nahiz kulturarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, erreferentzialtasuna ematen diotelako Tolosari. «Hori mantendu eta sustatu behar dugu, kanpokoek ezagutu gaitzaten eta gure eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izan dezaten», esan du Peon alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!