Faborito argirik gabe, Euskal Pentatloiaren finala jokoan larunbat honetan

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 17a, 17:36

Otaegi, Mugertza, Arria V.a, Txapartegi eta Aizperro, gaur, Azpeitiko zezen plazan, finalaren aurkezpenean. MAIALEN ETXANIZ/UZTARRIA

Eskualdetik Joseba Otaegi eta Arria V.a ariko dira Azpeitiko zezen plazan jokatuko den herri kirol saioan

Euskal Pentatloiaren bigarren edizioaren finala jokatuko da larunbat honetan, irailak 21, 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Sei kirolari ariko dira lehian, horietatik bi eskualdekoak: Joseba Otaegi zizurkildarra eta Xabier Orbegozo Arria V.a Ibarran bizi den errezildarra. Aurkariak Xabier Zaldua zumarrragarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra, Aratz Mugertza mutrikuarra eta Luis Txapartegi aizarnarra izango dira. Larunbatean jende ugari elkartuko dela espero dute antolatzaileek. 

Kanporaketan baino lan luzeagoak egin beharko dituzte finalean: 100 kiloko harriari 25 jasoaldi eman behar dizkiote, gero giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza, ondoren aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, jarraian 50 kiloko bi txingekin sei plaza egin eta bukatzeko hiru kilometro korrika. 

Ez dagoela faborito argirik diote Arria V.a-k eta Otaegik. «Oso airean dago zeinek irabaziko duen, eta ikustea joaten denak hori nahi du. Oso berdintsu gaudela ikusita, interes gehiago sortzen da», esan du Arria V.a-k. Otaegik lau kirolari ikusten ditu lehian ibiliko direnak txapela janzteko: Arria V.a, Zaldua, Txapartegi eta bera. «Zaldua agian pixka bat faboritoago jotzen dut, aurreko urteko irabazlea izanik, eta sailkapen proban lasai ikusi baitzitzaion. Halere, edozer gertatu daiteke finalean», dio Otaegik. 

Aizkolariek edo aizkoran ibilitakoek finalean sartzeko abantaila izango zutela esaten zen, eta horrela izan da azkenean. «Beste probetan ondo moldatu ginen eta gure ofizioan abantaila atera genuen», esan du Otaegik. 

Larunbaterako Arria V.a-k ondo ikusten du bere burua: «Entrenamenduak ondo joan dira, eta uste dut puntu onean iristen garela. Ikusi egin behar besteak nola iristen diren». Otaegi animatuta dago larunbaterako, eta jakin-mina ere badu ikusteko gorputzak nola erantzuten dioen eginbeharreko lanei:  «Lan berriak dira niretzat, plazan inoiz egin gabeak eta probatzeko gogoarekin». 

Bikoiztu baino gehiago egiten da kirolariek egin behar duten lana. Arria V.a-k dioenez, lan luzeagoak komeni zaizkio; halere, finalean egin beharrekoak «lantegi gogorrak» direla gaineratu du: «Gainera gutxien gustatzen zaidan probarekin hasi behar dut, harri-jasotzen. Hor bakarren batzuk aurrera joango zaizkit. Eta bigarrengo lanetik aurrera, ondo banago, hor hasi behar naiz harrapatzen». 

Kanporaketan lehenengoa izan zen Otaegi, eta segundo gutxira bukatu zuen Arria V.a-k. Zizurkildarrak dioenez, kanporaketan egindakoak zerikusi gutxi du finaleko lanarekin: «Erreferentzi bezala ere ezer gutxi balio du kanporaketakoak. Berriro hastea izango da». 

Finalerako sarrerak salgai jarri dituzte 20 eurotan. Eskualdean Ibarrako Errotatxo kafetegian eskuratu daitezke. Egunean bertan zezen plazako txarteldegia 20:30ean irekiko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!