"Pentsio duinen" aldeko aldarria berriro kalera atera dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 16a, 15:06

Abuztuko geldialdiaren ondoren, Tolosan manifestazioa egin dute Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deituta. Hurrengo hitzordua irailaren 30erako jarri dute, 12:00etan, berriro ere Tolosan.

Udaletxearen aurretik abiatu eta Alde Zaharrean itzulia egin ostean 100 lagunetik gorako manifestazioa Plaza Zaharrean amaitu da. Bertan, pentsio duinen aldeko aldarria irakurri dute politikoei mezu zuzena bidaliz: "Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatuko ditugu. Blokeo politikoaren aurrean euskal pentsiodunen mugimenduak irmotasuna eta ardura eskatzen du". Horrez gain, ezinbestekotzat jo dute "Estatua gobernatzeko programa progresista defendatzen duten indar politiko guztien akordioa". Bide horretatik, indar politikoei arduraz jokatzea eskatu diete: "mesfidantzak alde batera utzi eta milioika pentsiodunen aldarrikapenak entzun eta hauen arazoak konpontzeko". 

Kezkatuta agertu dira "estatu mailako egoera politikoan gertatzen denaren aurrean". Kezka hori bi arlotan kokatu dute. Alde batetik, gobernu berria eratzeko arazoak ikusten dituzte, eta bestetik, "hauteskunde berriek ekar ditzaketen ondorioak pentsio publikoen etorkizunerako". 

Egoera horrela bizitzen dutela azaldu ondoren, zera jakinarazi dute: "Argi dago, inolako zalantzarik gabe, gobernu aurrerakoia eta soziala abian jartzeko zailtasunak, desberdintasun politikoari baino zerbait gehiagori buruz ari garela. Bistan dago, hemengo eta Europako finantza munduko agintarien esku-sartzea, behin eta berriro. Egunero ari dira muturra sartzen pentsio pribatuek negoziorako behar duten bidea zabaltzen. Pentsio publikoen sisteman murrizketak eskatzen dituzten berberak dira, zerbitzu publikoetan eta Ongizate Estatuan. Egoera hau onartezina da. Hautetsontziek adierazi zuten gobernu aurrerakoi eta sozialaren alde herritar gehiengoaren eskubideetan aurrera egiteko".

Egungo pentsioekin hilaren amaierara iristen zailtasunak dituztela azaldu dute euskal pentsiodunen mugimendutik. Zailtasun horien aurpegia emakumearena dela azpimarratu dute: "Larrialdi egoera gaude!". Ondorengoa exijitu dute egoera horri buelta ematen hasteko: "Gizarte Segurantzaren finantzaketa eta Pentsio Publikoaren Sistemaren etorkizuna bermatuko duen legedia; urtero KPIaren igoera automatikoaren legezko bermea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bizitza duina bermatuko duena; pentsio erreformen indargabetzea, eta batez ere, jasangarritasun faktorea, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala bukatzea". 

Pentsiodunen mugimenduak lan baldintzez eta soldatez ere arduratzen dela erakutsi du, "baita negoziazio kolektiboaz ere". Lanbide arteko Gutxieneko Soldata duina defendatu dute, "Europako Gutun Sozialak esaten duen moduan". Prekarietate "izugarriaz" bukatu beharra dagoela aldarrikatu dute, "enplegu eta soldata duinak erraztuko baitu, beste kontu batzuen artean, Gizarte Segurantzan kotizazio eta diru sarreretan hobekuntza". 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!