'Ikasi euskara herrian bertan' kanpaina, Uemako herrietan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 11a, 10:30

Euskaltegirik ez izan arren, eta taldeak osatuz gero, herrian bertan euskara ikasteko aukera izango dute eskualdeko Uemako herrietako biztanleek.

2019-2020 ikasturtea hasi da, eta urtero moduan, eskualdeko hainbat udalek, euskaltegirik izan ez arren, herrian euskara ikasteko aukera eskaintzen dute. Uemak, bertako kide diren hainbat udalekin eta euskaltegiekin elkarlanean, bat egin du aurten ere kanpainarekin, eta berea ere martxan jarri du: Ikasi euskara herrian bertan.

«Euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udaletxera jo beharko du herritarrak, eta ondoren Uemak koordinatuko du herri horretan ikasle taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta baita eskualdeko euskaltegiekin ere», jakinarazi dute Uematik.

Aurreko ikasturteetan bezala, 2019-2020 ikasturtean ere laguntza eskainiko du Uemak herri txikietan. Adierazi dutenez herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio lana egingo du alde batetik, beti ere eskualdeko euskaltegiekin eta udalekin elkarlanean. Eta bestetik diru laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die horrelakorik behar duten udalei. Pauso hauekin, «euskalduntzean ez ezik herri txikien garapenean ere eragin nahi du Uemak, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan dezaten ahaleginduz eta herri txikiak bizirik mantentzeko lan eginez», argitu dute mankomunitatetik.

HERRIZ HERRI

Eskualdeko hainbat herrik euskalduntzeari ekarpena egin nahi diote. Alegiako Udalak Uemarekin elkarlanean ahalegin berezia egingo duela iragarri du, eta 2019-2020 ikasturtean ere euskara ikastaroak herrian bertan eskaintzeko baliabideak jarriko ditu.Behe, erdi eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza egingo da, eta izena ematen dutenen artean, ordutegiak eta mailak kontuan hartuta, taldeak sortzeko aukera aztertuko da.

Taldea sortzeko gutxieneko kopurura iritsiz gero, ikastaroak herrian bertan eskainiko dira. Sortzen diren ikastaro guztiak udalak diruz lagunduko ditu. Informazio gehiago nahi duenak udaletxera deituta edo bertara hurbilduz eskuratuko du.Matrikula egiteko epea hilaren 16an amaituko da, eta udaletxean bertan eman beharko da izena.

Ikaztegietako Udalak ere ahalegina egingo du euskara ikasi nahi dutenei laguntzeko. Matrikula egiteko azken eguna hilaren 16a izango da, eta nola ez, diruz lagunduak izango dira euskara ikastera animatzen diren herritarrak.

Altzon ere aurreko urteetan egin moduan taldeak osatuz gero zerbitzua herrian bertan emateko ahalegina egingo dute, eta diruz lagunduak izango dira. Izena emateko edo informazioa eskuratzeko 943 65 24 13 telefono zenbakira deitu beharko da hilaren 16a baino lehen.

Amezketako Udalak ere maila guztietan euskara ikasteko aukera eskainiko die 16 urtetik gorako amezketar guztiei, eta aukera aprobetxatzeko deia luzatu die. Diruz lagundutako klaseak izango dira. Interesatuek hilaren 23a bitarte dute izena emateko epea zabalik, eta informazio gehiago nahi duenak eskura du 943 65 31 89 telefono zenbakia.

Herri guztietan, matrikula epea ixterakoan izena eman dutenekin bilera bat egingo da. Eta guztiek nabarmendu dute: «Gureak bezalako herri euskaldunetan, euskara jakiteak duen garrantzia kontuan hartuta, beste urte batez ahalegin berezia egin nahi izan dugu euskara ikastera edo hobetzera herritarrak animatu daitezen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!