Greba egingo dute Santiago eta Iurramendi egoitzetan

Irati Urdalleta 2019ko ira. 11a, 08:59

ELAk deituta, greba egingo dute irailaren 19tik urriaren 18ra, Tolosako Iurramendi eta Villabonako Santiago zaharren egoitzetan.

Zaharren egoitzek greba egingo dute Tolosaldean ere. Hain zuzen, Tolosako Iurramendi egoitza eta Villabonako Santiago batu dira ELAk deitu duen hilabeteko lanuztera.

Irailaren 19an hasita, hilabetez luzatuko da zaharren egoitzetako langileen greba, urriaren 18ra arte. Hala ere, oraingoa ez da izango lehenengoa. Hain zuzen, Villabonan, duela urtebete hasi ziren lanuzteekin. Ordutik, egun batekoak, bikoak, hirukoak eta hilabetekoak ere egitera iritsi dira. Iurramendin ere, 62 greba egun inguru egin dituzte urte honetan. «Urte bukaera aldera arte behintzat jarraituko dute eta aurrerantzean gehiago ere etorri daitezke», diote bertatik.

ELAtik adierazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiari lan baldintza duinak eskatu nahi dizkiete. Azaldu dutenez, enpresetako hitzarmenak dauzkate, baina hitzarmen kolektiboa sinatu nahi dute, «denen onurarako». Izan ere, 2017ko urtarriletik daude hitzarmenik gabe.

Tolosako Iurramendiko eta Villabonako Santiagoko hainbat langilek greba deialdia babestuko dute. Villabonako egoitzako ELAren ordezkari sindikala den Laura Carreterok azaldu du, abuztuko geldialdiaren ondoren, greban jarraitzeko asmoa dutela: «Borrokan jarraituko dugu eta ditugun helburuak lortu arte ez gara geratuko». Beraien helburua oso argi dute: hitzarmena sinatzea, lan baldintza hobeak izateko: «Soldata igotzeaz gain, ratioak handitzea ere eskatzen dugu, erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko», dio Carreterok. Azaldu duenez, ratio horiek ez dira berrikusi 1996tik eta orduan sartzen ziren helduek ez daukate zerikusirik oraingoekin, hauek askoz menpekoagoak baitira. «Erabiltzaile bakoitzarentzat ordubete pasatxo dugu egunero eta horrela, zerbitzuaren kalitatea txarragoa da», dio Carreterok. Horren ondorioz, batekin bost minutu gehiago pasatzen badituzte, beste bati kendu behar dizkiote. «Pertsonak dira eta ez makinak», gaineratu du. Zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, soldata igoera ere eskatu dute. Izan ere, diotenez, bi urte daramatzate soldata igoerarik gabe. «KPI bera ere ez digute igotzen», zehaztu du Carreterok.

Grebaren jarraipen handiagoa egingo dute Villabonan Tolosan baino. Zehazki esanda, Santiago egoitzak 32 langiletik 25ek edo 26k babestuko dute deialdia. Iurramendin, berriz, bederatzi langilek egin dituzte lan uzteak orain arte, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dute, hitzarmena lortu arte.

Ezarriko dituzten gutxiengo zerbitzuetan egongo da gakoa. Izan ere, langile batzuek nahita ere ezingo dute grebarik egin. Adibide bat jarri du: «Erizaintzan gauez pertsona bakarra egoten da eta ezingo du egin». Gutxiengo zerbitzuak oraindik zehaztu gabe dauden arren, nahiko altuak izan ohi direla dio Carreterok. Orain arte, %70ekoak izaten dira ordu normaletan eta %80koa puntako orduetan.

Hala ere, gutxiago edo gehiago, ondorioak utziko ditu grebak. «Urte osoan gutxiengo zerbitzuetan gaude, ratio oso baxuekin ari garelako lanean, eta orain gehiago», esan du Carreterok. Iurramenditik adierazi dutenez, «ahal den bezala» moldatu behar izaten dute eta egoiliarren egunerokotasunean eragina izaten du. Tolosako egoitzan, arlo guztietan egiten da greba, batez ere, sukaldean eta zaintzan. «Kudeaketan eromena izaten da, baina egoiliarrei ahalik eta gutxien eragitea izaten da helburua. Ezin ditugu dutxatu gabe edo bazkaldu gabe utzi», gaineratu dute. Egoera horretan, gainontzeko langileentzat eta aitona-amonentzat dena berria izaten da eta ahal den bezala moldatu behar izaten dute.

Greba babesten duten langileak gehiago izanda, Villabonan ere ondorioak uzten ditu eta adibideak jarri ditu Carreterok: «Plastikozko ontziekin jan behar izaten dute, ezin direlako garbitu». Gainera, gimnasia bezalako ekintzak edo irteerak ere ez dira egiten. «Oheak egitera ere ez gara iristen eta familiakoek edo egoiliarrek egiten ez badituzte, egin gabe geratzen dira».

AKORDIOA ALDUNDIAREN ESKU

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatzea da grebaren helburu nagusia. «Aldundiak eman behar du orain dirua jartzeko pausoa», dio Carreterok. Baieztatu du Adegirekin eta Matia 2020rekin sinatu dutela akordioa, baina orain Aldundiari egokitzen zaiola dirua ematea: «Adegi eta Matia 2020 ELArekin kontaktuan jarri ziren eta akordio batera iritsi eta sinatu zuten, baina Aldundiak esan zuen ez zuela dirurik emango». Gaineratu du, Eusko Jaurlaritzak gerturatzeko saiakera bat egin zuela uztailean patronalarekin, sindikatuekin eta Aldundiarekin bilera bat deituz, baina Aldundia ez zela azaldu.

MOBILIZAZIOAK ZEHAZTU GABE

Datak zehazteko badaude ere, mobilizazioak egingo direla diote ELAtik. Esaterako, herriz herri martxak egingo dira. Carreterok gaineratu du, herriko plazetan postuak ere jarraiko dituztela, beraien egoeraren inguruko informazioa emateko eta Donostiako Zinemaldian ere egongo direla, hiru egunean. «Greba hauekin gure helburuak lortuko ditugula espero dugu. Ez da lehenengoa eta lortu arte ez gara geratuko. Ezagutzen gaituzte», baieztatu du Carreterok.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!