Eskualdekoek ere ukitu dute

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 10a, 11:59

Kontxako Bandera irabazi dute Iraolak Oriorekin, eta Lopezek eta Lizarraldek Hondarribiarekin.

Eskualdeko hainbat arraunlarik parte hartu dute Kontxako Banderan, baina hiruk bakarrik lortu dute bandera ukitzea, trapua astintzea. Emakumezkoetan, Ohiane Iraola tolosarrak Oriorekin irabazi du, eta gizonezkoetan Jon Lizarralde eta Endika Lopez tolosarrek Hondarribiarekin lortu dute.

Iraolak lehenengo aldiz lortu du bandera, eta oraindik kosta egiten zaio sinestea: «Igandean bertan, arratsalde osoan, elkar begiratu eta esaten genion ez zela posible, ez zela egia». Bigarren egunera sei segundoko aldearekin iritsi ziren, eta abantaila hori aldi berean «asko eta gutxi» zela esan du. «Kontxako Bandera irabaztea oraindik gainditu gabe dugu. Eta, oso ohikoa da esatea, baina Orion izandako harreran amets batean bezala egon ginen. Azkenean esperotakoa baino askoz gehiago izan zen. Ezin dugu gehiago eskatu herriaren aldetik. Oraindik lur hartu gabe gaude».

Estropada eguna gogoan, Donostiara iristerako, taldeak bazekiela zein zen bere egitekoa nabarmendu du arraunlari tolosarrak: «Entrenatzaileak asko aipatu diguna izan da estropadaren bila joan behar genuela, gure lana ahal genuen txukunen egitera joan behar genuela, eta hori lortuz gero, irabazteko ia aukera guztiak izango genituela». Irteera eman zenetik, taldea «konfiantzaz» zegoela dio Iraolak: «Beroketa oso ona egin genuen, eta aurreneko paladak oso onak izan ziren eta horrek eman zigun indar berezi hori hain estropada ona egiteko». Denboraldi guztiko «estropada onena» izan zela esan du, eta azken paladak emozio handikoak izan zirela dio, «ia malkotan» joan zela azalduz.


Hondarribia traineruko arraunlariak Kontxako Bandera ospatzen. Atzean, ezkerretik bigarrena Jon Lizarralde eta hirugarrena, kamiseta zuriarekin, Endika Lopez.

Lizarralderentzat hirugarren Kontxako Bandera izan da aurten lortutakoa. «2013tik nago Hondarribian, eta 2013an eta 2018an irabazitako banderak bulegoetan irabazitakoak izan direla entzun izan dugu kanpotik. Aurtengoan inork ezin digu trabarik jarri», esan du tolosarrak. Hondarribian, garaipena ospatzerakoan, herritarrekin bizitakoa nabarmendu du, bertako festak zirela gogoan: «Jendea desfilatzen ari zela negarrez ari zen, hunkituta, eta ni, Hondarribikoa bertakoa ez naizela, hunkitu egin nintzen».

Estropadan garbi zuen Lizarraldek oriotarrak estutzen saiatuko zirela. «Guk bagenekien gure lana egin behar genuela, atzetik edo aurretik joan. Ikusten genuen aurretik zihoazela une batean, baina ziaboga baino minutu eta erdi lehenago olatuak hartzen hasi ginen eta berreskuratu genuen pixka bat, aurrean jarri eta gero hor mantendu ginen aurretik. Bigarren egunean ere estropada irabazi nahi genuen eta hori ere lortu genuen», esan du Lizarraldek.

Beste bost arraunlari izan dira parte hartzen Kontxako Banderan: Nerea Perez tolosarra (Hondarribia), Naroa Urkola anoetarra eta Olatz Lopez tolosarra (Donostiarra), Eneko Zabala adunarra (Kaiku), eta Garikoitz Lopetegi billabonatarra (Zierbena).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!