Udazken bete-beteko eguraldia

Ataria 2019ko irailaren 10a

Ipar mendebaldeko haizeak eta fronte batek zeru estalia utziko digu. Euria sarri botako du, gainera euri zaparradak mardulak izango dira. Nahiko sarri eta etengabe botako du.

Euri zaparrada hauek goietan aire hotza dagoenez ekaitz modukoak izango dira eta benetan eguraldi ez atsegina izango dugu gaurkoan. Tenperatura maximoek nabarmen behera egingo dute eta udazken sasoiko tenperaturak izango ditugu, eta eguneko erdiko orduetan gehienez jota 14-16 gradutara iritsiko zaizkigu termometroak. Udazken sasoiko eguraldi makur horietakoa izango dugu. 

Biharkoan, oraindik ere eguraldi ez atseginarekin jarraituko dugu baina arratsaldean hobera egingo du. Goiz partean oraindik ere ipar haizea ibiliko zaigu eta itsasotik hodei dezente sartuko dira eta oraindik ere zaparradak botatzen jarraituko du. Ez dira gaurkoak bezain mardulak izango eta jada ez du ekaitzetarako joerarik izango. Litro gutxiago pilatuko zaizkigu eta arratsalde partean egoera arintzen hasiko zaigu, zaparradak geroz eta tartekatuagoak izango dira eta eguna bukatzerako erabat atertuko ez badu ere euria oso urria izango da eta giroa lasaiagoa geratuko zaigu iluntze gau parterako. Termometroek koxkatxo pare bat gora egingo dute eta eguneko erdiko orduetan 16-18 gradu bitartean errendituko dira tenperatura maximoak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!