Astelehenean hasiko da euskal presoen inguruko abokatu eta elkarteen makroepaiketa

Ataria 2019ko irailaren 10a

Datorren astelehenean hasiko da Madriden 11/13 sumarioan epaituko dituzten 47 euskal herritarren epaiketa. Berriak auzipetu bakoitzari buruzko informazioa zabaldu du.

Astebete baino gutxiago falta da 11/13 sumarioan auzipetutako 47 pertsonaren epaiketa hasteko. Jesus Mari Aldunberri "Kudu" elduaindarra eta Jon Mintegiaga "Minde" ibartarra dira eskualdeko auzipetuak. Horren harira, elkartasun eguna ere ospatu zuten, ostiralean, Ibarran.

Herrira-ko komunikazio taldeko kidea izatea egotzita atxilotu zuten Jesus Mari Aldunberri, 2013ko irailaren 30ean. Besteak beste, 13 urteko espetxe zigorra eta 4.800 euroko isuna eskatzen dizkiote. Jon Mintegiaga, berriz, 2015ean atxilotu zuten, Herrira-ko kidea izatea egotzita. Orain, 15 urteko espetxe zigorra eskatzen diote baita 5.400 euroko isuna ere.

Orotara, 601 urteko espetxe zigor eskaerari egin beharko diote aurre baita milaka euroko isunei eta inhabilitazio eskaerei ere. Gainera, auzipetuek kalkulatu dutenez, 350.000 euroko gastua suposatuko diete epaiketak.

Zenbaki hutsak alde batera utzita, auzipetuen gertuko ikuspegi bat eskaini nahi izan du Berriak. Bakoitzari egozten diotena eta fiskaltzak eskatzen dituen zigorrak ikusteko egin klik hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!