Pentatloiaren finalean izango dira Joseba Otaegi eta 'Arria V.a'

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 7a, 21:55
Argazkia: Urola Kostako Hitza

II. Euskal Pentatloi Saria jokatu da gaur Azpeitian, eta Joseba Otaegi zizurkildarra izan da lanak bukatzen azkarrena. Bere atzetik bigarren postua lortu du Xabier Orbegozo Arria.V.a ibartarrak. Jende ugari hurbildu da Azpeitiko zezen plazara.

Lan guztiak amaituta denborarik onena lortu duten sei kirolariek soilik lortu dute hilaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalerako txartela. Txartela lortu dutenak Joseba Otaegi, Xabier Orbegozo Arria V.a, Xabier Zaldua, Luis Txapartegi,  Aratz Mugertza eta Joxean Olaskoaga Aizperro izan dira.

100 kiloko harriari hamar jasoaldi emanaz hasi dute saioa. Ondoren, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin behar izan dute. Jarraian, aizkora hartu dute: kirolari bakoitzak kana-erdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki behar izan ditu. Atzetik, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza egin dituzte, eta, bukatzeko,  korrika zezen plazari hamar buelta –kilometro bat– eman dizkiote.

Lanak bukatzen azkarrena Joseba Otaegi izan da, eta 13 minutu eta 29 segundoko denbora egin du. Haren atzetik sailkatu da Arria V.a, 13 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Hirugarren sailkatua Zaldua, iazko txapelduna, izan da 14 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Txapartegi izan da laugarren sailkatua, 14 minutu eta 38 segundorekin. Mugertza bosgarren, 15 minutu eta 58 segundotan lanak amaituta. Eta finalerako azken txartela Joxean Olaskoaga Aizperrorentzat izan da 16 minutu eta 18 segundoko denbora lortuta. 

Hauek, hilaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalean izango dira. Bidean geratu dira, Iñaki Errazkin tolosarra, Jon Gisasola Zelai V.a, Jagoba Otaegi, Beñat Amade eta Osmane Drame.

Probako argazki guztiak: Urola Kostako Hitzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!