Ikuskizun bizia, aberatsa eta emozio handikoa ikusteko aukera izango da bihar Azpeitiko zezen plazan, 18:00etatik aurrera. Euskal Pentatloia Sariaren kanporaketa jokatuko dute 11 herri kirolarik, finaleko sei postuak lortu nahian. Horietatik hiru eskualdekoak: Xabier Orbegozo Arria V.a Ibarran bizi den errezildarra, Joseba Otaegi zizurkildarra eta Iñaki Errazkin tolosarra.
Bost proba egin beharko dituzte parte hartzaileek: harri-jasotzen, ehun kiloko bolarekin hamar altxaldi egin behar dituzte; giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bat; aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako bat ebaki; 50 kiloko txingekin hiru plaza, eta korrika kilometro bat, hau da, hamar itzuli zezen plazari. Eskualdekoek ondorengo aurkariak izango dituzte: Luis Txapartegi, Aratz Mugerza Mugertza III.a, Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Amade, Ousmane Drame, Jagoba Otaegi, Xabier Zaldua eta Joxean Olaskoaga Aizperro. Kepa Peñagarikano ere parte hartzekoa zen, baina min hartu du orain dela gutxi.
Aurtengoa txapelketa antolatu duten bigarren urtea da. Iazkoan, Xabier Zaldua izan zen garailea. Arria V.a da aurtengo faboritoetako bat, eta iaz parte hartzekoa zen, baina lesio batengatik ezin izan zuen txapelketan izan. «Aurten parte hartzaile gehiago daude, eta jendea ere hobeto prestatuko zen, iazkoa erreferentzi bezala izanda», esan du Arria V.a-k. «Gogoz eta ilusioz gaude eguna iristeko».
Finalera pasatzea buruan duela dio, baina azken garaipena lortzeko faborito denik ez du bere egiten: «Niretzako lan berriak dira, plazan ez naiz inoiz jardun. Aizkora eta korrika menperatzen ditut, baina harri-jasotzeko lanak jota uzten nau, eta hor sufritzen dut pixka bat. Azkenean lan gogorrak dira, gure ofiziokoak ez direnak, baina finalera sartzeko ilusioz noa kanporaketara».
Harriarekin egin beharreko lanaren zailtasunak azaldu ditu: «Aizkolari garenon artean, batzuk besteak baino hobeto moldatzen dira harriarekin. Ni altua naiz, eta aspaldi korrika asko eginda, eta harri-jasotzeko muskulu nagusiak pixka bat argalduta nituen, eta saiatu naiz indar pixka bat hartzen. Behintzat iritsi naiz harria ondo jasotzera, eta dagoeneko moldatzen naiz bost ofizioetan». Aizkolariek abantaila izango ote duten galdetuta, Arria V.ak uste du ez dagoela abantaila handirik ateratzerik, bi egur besterik ez direlako. «Emozio handia izango da, edozein akatsek edo ezustekok kanpoan utz zaitzake-eta».
Otaegik jaso zuen iaz parte hartzeko gonbidapena, baina Euskal Herriko Aizkora Txapelketa lehenetsi zuen orduan, eta azkenean ez zen izan pentatloian. «Aurreko urtean penaz geratu nintzen, eta aurten berriz egingo zela jakitean, ez nuen zalantzarik izan izena emateko», esan du zizurkildarrak. «Ez da erraza prestatzea. Lan asko dira ikasi beharrekoak, eta azkar pasa zait prestatzeko denbora. Denak ondo menperatzea zaila da, baina nik uste dut lan guztietan lan txukun bat egiteko gai izango naizela».
Otaegik aukerak ikusten ditu finalera pasatzeko: «Aizkora izan daiteke lan bat aldea markatu lezakeena, aizkolaria den batetik ez den beste batera. Hor izan dezakegu puntu bat alde. Aukerak baditut, baina gogor egin beharko dut lana». Zizurkildarrarentzat korrikako proba da okerrena: «Horra iristerako aurretik lan txukuna egin beharko dut beste probetan, denborarik ez galtzeko». Otaegik erakustaldiren batean parte hartu du udan, eta lehia oso estu joan dela azaldu du: «Ikusteko oso polita izango da. Nire ustez, gaur egun egon daitekeen herri kirol ikuskizun politena da».
Errazkinentzat ere lehen parte hartzea izango da. «Aurreko urtean Azpeitira joan ginen ikustera, gustatu zitzaigun, eta gai ikusten ginen lan horiek egiteko. Probatu egin nahi nuen, entrenatzen hasi, gogoa sortu eta izena eman nuen», esan du Errazkinek. Orain pare bat urte arte arraunean aritzen zen Errazkin, Zumaiako traineruan, eta bi urte hauetan mendian-eta ibili dela dio tolosarrak, «bere martxan».
Herri kiroletan hasiberria da, beraz. Biharkoan «lan polit bat» egiteko asmoz doa: «Behintzat ez gaitezela oso urrutian geratu. Lan motzak dira eta iruditzen zait denak inguruan ibiliko garela». Zaila ikusten du finalera pasatzea, bere aukerak izan ditzakeela ikusten badu ere. «Aizkolariek daukate niretzako abantaila pixka bat, bi enbor ebaki behar direlako, eta hor denbora asko atera daiteke. Eta parte hartzaileen artean bost aizkolariak dira». Hain justu, aizkora da beretzako lan zailena: «Oso teknikoa da eta denbora asko joan daiteke». Aldiz, gustukoena giza proba du.