Marea biziei eta olatuei aurre eginez

Ataria 2019ko irailaren 5a

Hirugarren postua lortu dute Ioseba Mateosek eta Erika Amundarainek, Hendaiako itsas zeharkaldian.

Hendaiako 1eres Boucles Hendayaises itsas zeharkaldia egin zuten, pasa den igandean, Ibarrako Ioseba Mateos eta Villabonako Erika Amundarain igerilariek. Podiumerako sailkatzea lortu zuten, marea bizien eta olatu handien ondorioz ibilbidea aldatu behar izan bazuten ere.

2,8 kilometro egiteko, 32 minutu eta 32 segundo behar izan zituen ibartarrak eta 36 minutu eta 55 segundo billabonarrak. Denbora horiekin, hirugarren postuan sailkatu ziren bata zein bestea, senior mailan. Gainera, absolutuetan, laugarrena izan zen Mateos eta seigarren Amundarain. Hala ere, arauei jarraituz, absolutu mailako sariak ez zituzten banatu.

HIRU URTEAN HIRU ZEHARKALDI

Bi igerilariek beste erronka bat dute buruan, eta hori lortzeko, zeharkaldi bat egingo dute larunbatean. Hain zuzen, Galiziara bidaiatuko dute, Triple corona Illas Atlanticas proban parte hartzeko. Bertan, hamabost gradu inguruko uraren tenperaturari aurre egin beharko diote.

Txapelketa horretan, hiru urtean hiru zeharkaldi egiten dira eta bigarrena izango da aurtengoa. Salvora uhartetik O Gorvera egin beharko dute igeri, hemeretzi kilometro osatuz. Lehen proba iaz egin zen eta hamabost kilometro egin zituzten Cies uharteetatik Baionara. Hirugarrena, berriz, datorren urtean egingo da, 23 kilometro izango ditu eta Ons uhartetik Combarrora joango dira. Horrela, 57 kilometro osatuko dituzte guztira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!