Tolosaldea traineruaren urtea «ona» izan dela dio Francesek

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 4a, 19:58

Denboraldi amaierara ez direla nahi bezain ondo iritsi esan du Patxi Frances prestatzaileak, eta datorrenari begira taldea egonkortzearen asmoa azaldu du.

Tolosaldea traineruak denboraldia amaitu du eta Patxi Frances entrenatzaileak balantze «ona» egin du. «Azken asteburura agian pixka bat justu iritsi ginen eta hirugarren postua galdu genuen, ligan azkenean laugarren geratuz», esan du. «Kontuan izan behar da traineru gaztea dela eta denok elkar egokitzeko denboraldi bat izan dela».

Emaitzei begiratuta, ETE Liga laugarren amaitu zuen Tolosaldeak, tartean Colindreseko Bandera irabaziz, eta ez zuen lortu Kontxako Banderako lehian sartzea, sailkapen egunean hamabigarren amaitu eta gero. Denboraldi hasieran «estropada politak» egin zituztela azaldu du Francesek. «Trainerua oso ondo zihoan ur gainean eta dena egoki zihoan. Gero, ikusi dugu eskarmentu pixka bat falta izan zaigula denboraldian zehar. Xehetasun jakin batzuetan akatsak izan ditugu, zenbait ziabogetan, irteera batzuetan... Jende gaztea dago traineruan, eskarmentua hartzen joan behar duena».

Garbi du entrenatzaileak arraunlariek oso ondo entrenatu dutela, «baina gero estropadak bere momentuak ditu, eta hor jakin behar da egoten, eta hori urteek eta estropadek ematen dute». Aurrera begira taldeak jarraitzen badu alde hori hobetzen joango dela uste du Francesek. Entrenatzailearen arabera, kontuan izan behar da aurtengo denboraldian «maila garrantzitsua» egon dela. «Kontxako lehen jardunaldian ikusi zen San Juan eta Hibaika Oriotik gertu egon direla, Eusko Tren Ligako bi traineruren aurretik. Gu maila horretan izan ginen, baina gero beheraldi bat izan zen taldean, eta aztertu egin beharko da zergatik izan den».

«PENA HANDIA»

Kontxako Banderarako sailkapena ez lortzeak talde osoan «pena handia» suposatu duela dio prestatzaileak. «Horrek balio behar digu ikusteko apustu handia egiten ari direla kirol honetan, emakumezkoetan, eta urtero lehia handiagoa dela, eta, beraz, talde osoak bere garrantzia eman behar diogula».

Sailkapeneko egunari begiratuz, denboraldiko azkeneko bi asteak ez direla onak izan berretsi du Francesek. «Arraunlari batzuk oporretara joan dira eta horrek ere taldea desegokitu egiten du. Estropada horretara joaterakoan talde guztiek dena puntu-puntuan izan nahi dute, eta gu ez gara iritsi modu egokienean sailkapen egunera», esan du prestatzaileak.

Horrez gain, sailkapen estropadan lehen postuan ateratzeak eta Orioren aurretik, traineruak duen «eskarmentu falta» azaltzea ekarri zuela gaineratu du Francesek. «Hori gutxi ez balitz, itsasoa oso zikina zegoen, eta denboraldi guztian horretara egokitzea kostatu zaigu. Datorren urteari begira gehiago landu behar dugun gai bat da».

Hirugarren izan dira ligako sailkapenean ia bukaera arte, eta zenbait xehetasunengatik ez balitz puntu gehiago izateko aukera zituztela dio prestatzaileak. Bestalde, Sestaoko estropada ekarri du gogora: «Hibaikako trainerua gainera etorri zitzaigun, eta ez zuten kanporatu. Guk zortzi puntu galdu genituen, eta puntu horiekin hirugarren postuan egongo ginateke». Denbora behar dela xehetasun horiek hobetzeko esan du Francesek, eta gaineratu: «Trainerua azkarra da eta azkarra izaten jarraituko du. Beraz, taldean sinistu behar da, lan gehiago egin eta pixka bat gehiago ondu dadila».

Tolosaldea trainerua etxeko arraunlariekin osatua dagoela gogora ekarri du Francesek, eta batzuetan jendea ez dela horretaz ohartzen esan du. «Beste traineruak telefono deiak eginez osatu izan dira. Gure aldetik, egin dugun lana ona da, eta arraunlariek horretaz jabetu direla uste dut. Nire ustez jarraipena eman behar zaio taldeari eta aurrera egiteko tartea eman».

Datorren denboraldiari begira taldea egonkortu nahiko luketela dio Francesek. «Gustatuko litzaiguke TAKetik pasatu den arraunlariekin edo beste traineru batzuetan dauden eskualdekoekin osatzea. Eta taldeak jarraipena izanez, egonkortasunean gehitu egingo genuke».

Bere etorkizunari dagokionez, Francesek azaldu du arraunlariak bezain gaizki sentitu zela Kontxako Banderaren sailkapenean. «Arranpan zaude, eta horrelako egoera aurretik bizitu arren, gaizki zaude, denok dugulako bihotza eta sentitu egiten duzulako», esan du eta gaineratu: «Oso garbi dut taldeak jarraitu nahi badu eta klubeko zuzendaritza taldea egonkortzeko asmoz dago guztiek emandako babesarekin igoko dela».

Denboraldia triste bukatu arren, prestatzaileak gogora ekarri du Tolosaldea trainerua proiektu bat dela, eta aurten bere bigarren denboraldia egin duela. «Garrantzitsuena izan da aurten ere trainerua uretan izatea, eta berriro ere datorren urtean horrela izan dadila. Hori gertatzea guztion lana da, bai klubaren barrukoena, eta baita kanpotik babesa ematen dutenena ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!