Zarautz eta Elgoibar eskualdera

Abuztua izaten da irailarekin batera, pilotariek partidarik gehien jokatzen duten hilabetea. Herrietako jaiak, udako torneoak (Gasteiz, Zarautz, taldekako Bizkaikoa, Bilbo, Elgoibar eta Donostia)… erritmo handiko garaia izaten da eta eskuek eta gorputzak urte-sasoi honetan erantzutea nahi izaten du pilotariak.

Aurtengo abuztuan Jokin Altuna izan da partidarik gehien jokatu dituen eskualdeko pilotaria; 11 guztira (7 irabazi eta 4 galdu). Tartean, abuztuaren 10etik 18ra jokatutako sei eta horietatik lehena ez beste guztiak irabazi zituen. Zarauzko torneoa bereganatu du Martijarekin eta Bilbon txapeldunorde geratu da Rezustarekin. Gasteizko eta Elgoibarko torneoak kenduta, udako torneo guztietan hartu du parte. Partida batzuetan txispa gehiagorekin, besteetan gutxixeago asmatuz baina, ia herri guztietatik eskea duen pilotariak, ikusleak gustura utzi ditu orokorrean, horren adibide, Zarautzen pilotari onenaren saria jaso izana.


Erik Jaka izan da bigarren partida gehien jokatu dituena, zazpi guztira (3-4). Taldekako Bizkaiko torneoan lau eta erdian jokatzea tokatu zitzaion eta finalean galdu egin zuen Lasoren aurkako azken partida erabakigarrian. Lehen aldiz hartu du parte udako torneo batean, Donostian hain zuzen, Zabaletarekin bikotea osatuz. Lizartzarrak partidari ongi ekin bazion ere, erditik aurrera, ez zuen erabakietan asmatu eta ez zuen finalerako txartela lortu, 700 pilotakadatik gorako partida gogor batean. 


Udako torneoetan presentzia izan duen bestea Iñaki Artola izan da. Abuztuko lehen bi asteetan ez zuen partidarik jokatu eta oporrak hartu zituen. 12tik aurrera bost partida jokatu zituen (3-2) eta bi finaletara iritsi zen. Elgoibarkoa bereganatu zuen, baina Donostian podiumeko bigarren postuarekin konformatu behar izan du, asteburuan.


Gainontzeko pilotariek ez dute torneorik jokatu, baina lesionatuta dagoen Peñak ez beste guztiek jokatu dituzte partidak. Jon Erasunek sei jokatu ditu (3-3), lehen hirurak galdu eta azken hirurak irabazi. Maila ona eman du eta beti bezain seguru ikusi da kantxan. Xabier Tolosak bost partidu jokatu ditu (2-3) abuztuaren 14a bitarte, eta horietatik lau 9tik 14ra bitarte. Besoko lesio baten erruz kantxetatik kanpo dago harrezkero. Beñat Urretabizkaiak berriz, bost partida jokatu ditu eta horietatik bi irabazi.


Abuztua amaitu da baina uda ez. Lekeitioko torneoan Altunak eta Artolak izango dute aukera eta ea San Mateotan, Donostian bezala, eskualdeko pilotariek hiru postu betetzen dituzten. 


Momentuz Baikok irailaren 11ra bitarteko partidak iragarri ditu eta alegiarrak hiru partida ditu programatuta, zizurkildarrak bi eta ikaztegietarrak bat. Aspek berriz, hilaren 16 bitartekoak, eta amezketarra bost partidatan dago iragarria, lizartzarra hirutan eta Xabier Tolosa hilaren 11an berragertuko dela dago iragarrita, Hondarribian, eta sei egunetan hiru partida programatu dizkiote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!