Eskualdeko hiru kirolarik hartuko dute parte Euskal Pentatloi Sarian

Ataria 2019ko abuztuaren 22a

Zizurkilgo Joseba Otaegi, Tolosako Iñaki Errazkin eta Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a izango dira Tolosaldeko ordezkariak kanporaketan.

Iaz egin bezala, aurten ere jokoan izango da Euskal Pentatloi Saria. Orotara, hamabi kirolarik parte hartuko dute lehian eta hiru izango dira eskualdekoak, Zizurkilgo Joseba Otaegi, Tolosako Iñaki Errazkin eta Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a, hain zuzen ere.

Irailaren 7an, 18:00etan, Azpeitiko zezen plazan izango da lehen hitzordua, bertan jokatuko baita kanporaketa. Lanei dagokienez, bost proba izango dituzte: harri-jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika. Finala ere leku berean jokatuko da, irailaren 21ean, 22:00etan hasita. Sarrerek 15 euroko prezioa izango dute eta ordu eta erdi lehengo jarriko dituzte salgai leihatilan.

Eskualdeko kirolariez gain, Kepa Peñagarikanok, Jagoba Otaegik, Ousmane Dramek, Aratz Mugerzak, Luis Txapartegik, Beñat Amadek, Xabier Zalduak, Joxean Olaskoagak eta Jon Gisasolak hartuko dute parte norgehiagokan. Iazko proban, Xabier Zaldua Zumarragako aizkolaria izan zen azkarrena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!