Auritz Alkorta asteasuarra laugarren izan da Europako sega txapelketan

Irati Urdalleta 2019ko abu. 17a, 09:51
Almitza

Austriako Schärding herrian abuztuaren 14an eta 15ean jokatutako txapelketan, eskualdeko sei herritarrek hartu dute parte.

Segan duten abilezia erakustera joan dira Europako Txapelketara Tolosaldeko hainbat segalari, eta baita lortu ere. 14 urtez azpikoen mailan lehiatu da Auritz Alkorta asteasuarra eta laugarren postua eskuratu du, 5X7 metroko saila ebaki ostean. Minutu bat, 55 segundo eta 21 ehunen behar izan ditu lan hori burutzeko. Izadi Arrospide leaburuarra, berriz, adin bereok nesken aurka aritu da eta seigarren postua eskuratu du, 5X5 metroko saila mozteko bi minutu 27 segundo eta zazpi ehuneneko behar izan baititu. Orotara, hamaika segalari lehiatu dira mutil gazteen mailan eta sei neska gazteenean.

Maila nagusian, emakumezkoen artean, Hernialdeko Alaitz Imazen 13. postua izan da azpimarragarriena. Honek 5X7 metroko saila ebaki behar izan du eta minutu bat, 35 segundo eta 66 ehunen behar izan ditu horretarako. Leaburun bizi den Luisa Uzkudunek, berriz, 18. postua eskuratu du, 01:47:02ko denborarekin.

Gizonezkoen artean, 56.na izan da Leaburuko Amaiur Arrospide, 04:34:89ko denborarekin eta 63.na Arkatz Sarasola lizartzarra, 05:30:79ko denbora eginda. Guztira, 68 segalari lehiatu dira maila horretan.

Almitza sega elkartetik adierazi dutenez, antolakuntza oso ona izan da eta sega maila ere azken urteetako onena izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!