Eskualdeko sei herritarrek hartuko dute parte Europako segalari txapelketan

Irati Urdalleta 2019ko abuztuaren 12a

Almitza

Euskal Herria ordezkatuko dute Austriako Schärding herrian egingo den Europako segalari txapelketan.

Europako segalari txapelketa jokatuko da asteazkenean eta ostegunean Austriako Schärding herrian, eta bertan arituko dira eskualdeko hainbat segalari.

Mutil gaztetxoen mailan, Auritz Alkorta asteasuarra izango da bertan eta neska gaztetxoetan, Leaburuko Izadi Arrospide. Helduei dagokienez, Leaburuko Amaiur Arrospide eta bertan bizi den Luisa Uzkudun, Arkaitz Sarasola lizartzarra eta Hernialdeko Alaitz Imaz izango dira eskualdeko segalariak. Hauekin batera, Tolosako Mikel Lizartza eta Asteasuko Mikel Alkorta ordezko bezala joango dira.

Euskal Herriko segalariz gain, Suitzakoek, Alemaniakoek, Hego Tirolekoek, Eslobeniakoek, Eslobakiakoek, Txekiakoek, Britania Handikoek eta Austriakoek ere hartuko dute parte txapelketan. Guztiek txukuntasuna eta azkartasuna hartu beharko dituzte kontuan. Lanari dagokionez, mutil gaztetxoek 5X7 metroko saila ebaki beharko dute, 5X5 metrokoa neska gaztetxoek, 5X7 metrokoa emakumeek eta 10X10ekoa gizonezkoek.

Txapelketa honek 1969an hasi zuen bere ibilbidea. Hasieran, Alpeetako herrialdeen arteko norgehiagoka bezala eta Europako txapelketa bezala 2005etik. Euskal Herriak 1997tik parte hartzen du bertan.

Eskualdekoek orain arte lortu dituzten emaitzen artean Ibarrako Izaskun Larrartek 1999an lortu zuen garaipena eta 2009an Gazteluko Joxe Gabirondok eskuratu zuen 3. postua dira azpimarragarrienak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!