Altuna III.ak, Artolak eta Jakak Donostia Hirian parte hartuko dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko abu. 8a, 18:51
@ASPEpelota

Eskualdeko pilotariak abuztuaren 27ko eta abuztuaren 28ko finalerdietan ariko dira eta oraindik zehazteke dago noiz jokatuko den finala; Irribarria eta Urrutikoetxeak buruz buruko finalaren errebantxa jokatuko dute abuztuaren 29an.

Olaizola II.a eta Albisuk, Altuna III.a eta Rezustarekin neurtuko dituzte indarrak Donostia Hiria pelota feriaren lehen jardunaldian. Abuztuaren 27an izango da, gainerako partidak bezala, Atano III.a frontoian 22:15ean hasita. Jaialdi horretan jokatuko diren gainerako partidetan ere eskualdeko pilotariak ariko dira: lehenengoan Bakaikoa eta Erasun, Alberdi eta Urretabizkaiaren aurka; eta bigarrengoan Arteaga II.a eta Aretxabaleta, Laso eta Larunberen aurka. 

Udako torneoetan estreinaldia egingo du Erik Jakak abuztuaren 28an. Zabaletarekin bikote eginda, Artola eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko du partida Donostian. Eskualdeko bi pilotariak elkarren arteko lehian ariko dira.  

Bi finalerdiak jokatu ondoren, antolatzaileek ez dute zehaztu oraindik noiz jokatuko den torneoaren finala. Hori bai, K Txakoli Pilota desafioaren berri eman dute. Buruz buruko finalaren errebantxa jokatuko dute Irribarria eta Urrutikoetxeak abuztuaren 28an, osteguna, 22:15ean Atano III.a pilotalekuan. Irabazleak 600 botila irabaziko ditu beretzat eta bere taldekideentzat.

Altuna III.a, Bilboko ferian

Bilboko pilota feriak iazko egitura bera izango du aurten ere, eta lau egunetan, Bizkaia torneoko finala eta Aste Nagusiko torneoaren finalerdiak eta finala jokatuko dira. Abuztuaren 20an izango da Bizkaia taldekako torneoko finala Oiz eta Anboto taldeen artean. 

Aste Nagusiko torneoari dagokionez, lehen finalerdia Baikoko pilotarien artekoa izango da abuztuaren 21ean Olaizola II.a eta Mariezkurrena II.a, Urrutikoetxea eta Albisuren aurka ariko dira. Hurrengo egunean, abuztuaren 22an, Aspekoen finalerdiak jokatuko dira. Elezkano II.ak eta Zabaletak, Altuna III.a eta Rezustarekin neurtuko dituzte indarrak. 

Bi finalerdietatik irabazle suertatzen diren bikoteekin jokatuko da finala feriaren azken egunean, abuztuaren 24an, gainerako jaialdi guztiak bezala, 18:00etan hasita. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!