Josu Artola amezketarra txapeldun, Romaniacs enduro probako zilarrezko mailan

Ataria 2019ko abuztuaren 4a

Lorpen hori eskuratu duen lehen euskalduna da amezketarra; Alberto Aranburu tolosarrak hirugarren postua eskuratu du.

Errumanian jokatu dute Red Bull Romaniacs enduro proba, hamazazpigarrenez, eta hainbat berrikuntzarekin. Bertan, zilarrezko kategorian, Josu Artola amezketarrak txapelketa irabaztea lortu du, eta Alberto Aranburu tolosarrak podiumeko hirugarren postua eskuratu du.

Lasterketan lau jardunaldi osatu behar izan dituzte pilotuek. Artolak lehen postua eskuratu du lehen hiruretan eta, azken jardunaldian, "lasaiago joatea" erabaki, eta zilarrezko mailako garaipena erdiestea lortu du. Pozik azaldu da lasterketa amaitutakoan egindako adierazpenetan nahiz bere sare sozialetan: "Harro nago zilarrezko mailan irabazi izanagatik. Lehen hiru egunetan irabazi nuen, eta gaur pentsatu dut hobe zela indar pixka bat gorde, eta garaipena erdiestea. Igoerak oso irristakor zeuden eta, Romaniacs-en edozer gerta daitekeenez, ez nuen gehiegi arriskatu nahi. Horrela, gaurko irabazleari helmugaraino jarraitu diot. Ederki sentitzen da bat, munduko lasterketa gogorrenetako bat irabazi eta gero!".

Red Bull Romaniacs 2019, zilarrezko kategoriako sailkapena

1. Josu Artola (EH) 18:57:20
2. Sam Winterburn (EB) 19:39:55
3. Alberto Aranburu (EH) 20:18:14
4. Emanuel Gyenes (ERRUM) 20:31:54
5. Dustin McCarthy (AEB) 20:35:35

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!