Piztu da Azken Muga

Ataria 2019ko uztailaren 25a

Migel Lander ikazkin nafarrak txondorra piztu du gaur Zarateko lepoan eta bertsolariek, txistulariek, trikitilariek eta performance batek zabaldu dute irailaren 22ra bitarteko programazioa.

Abuztuaren 11ra arte Zaratetxean ikusgai izango den Paul Montagueren erakusketa bisitatuz hasi dute inaugurazio ekitaldia. Doncasteren (Inglaterra) jaiotako artistak burdinaz egindako eskulturak jarri ditu ikusgai. Nafarroako Biloria herrian bizi da azken 20 urteetan eta bertan gauzatu ditu bere ikerketa artistikoak.

Biloriako da, baita ere, Migel Lander ikazkina. Aurreko belaunaldietatik jaso du ofizioa eta gaur egun semearekin batera dabil ikatza saltzen. Modu tradizionalean egiten du, ordea, aurrekoengandik ikasi bezala. Txondorrak piztu eta zaintzen ditu bertatik ikatza ateratzeko. Zarateko basoan piztu du horietako bat gaur goizean eta datozen egunotan zainduko dute Azken Muga ekimeneko arduradunek. Landerrek inaugurazio ekitaldira bertaratutakoei bere lanbidearen inguruko azalpenak eman dizkie.

Dantza esperimentaleko beste ikuskizun bat ere eskaini dute You&me taldeko kideek laugarren Azken Muga jaialdiko inaugurazio ekitaldian. Bakardadearen inguruko gogoeta egin dute mugimendu eta soinu ezberdinekin jolastuz.

Imanol Irazustabarrena eta Iñigo Gorostarzu Etxorde bertsolariek hartu dute parte ekitaldian eta dantzari, trikitilari eta txistulariek girotu dute arratsaldea.

Irailaren 22ra arte jarraituko du Azken Muga jaialdiak egitarau oparoarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!