'Ataria'-k kolaboratzaile izateko aukera zabaldu du

Tolosaldeko Ataria 2019ko abu. 30a, 09:03

Azken urteetan bezala, ikasturte berriarekin kolaboratzaile izan nahi dutenei zabalduko dizkie ateak 'Tolosaldeko Ataria'-k.

TOLOSALDEKO ATARIA-k bere ateak zabalik ditu. Kolaboratzaile, iritzi emaile, irrati saio gidari, komikigile berriei gonbita luzatu die komunikabideak, eta ikasturte berriarekin proiektuan parte hartzeko aukera zabaldu du.

Komunikabide bat, ezinbestean, ahots ugarik osatzen dute. Komunikabidean bertan gidari lanetan aritzen direnena garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da beste aldean daudenena, entzule-irakurleen ahotsa, alegia.

TOLOSALDEKO ATARIA-k beraz, are gehiago gerturatu nahi die proiektua entzule eta irakurleei, eta bertan parte hartzeko aukera zabaldu du beste behin. Idaztea gustuko dutenentzat, euren iritzia partekatzeko atrebentzia dutenentzat, edota sortzen duten hori erakutsi nahi dutenentzat ateak zabalik ditu ATARIA-k.

Ikasturte berrian ahots berriekin aberastu nahi du proiektua ATARIA-k, eta horretarako hamaika modu daude; iritzi emaile izan; artikulu, elkarrizketa edo erreportajeak idatzi; ATARIA IRRATIA-n kolaboratzaile bezala edota saio propioa izanda parte hartu...

Eskualdearekin zerbait partekatu nahi duten guztiek dute ATARIA-n parte hartzeko aukera.

Bideak ondorengoak dira: helbide elektronikoz ataria@ataria.eus helbidera idatzizko mezua, bideoa edota audioa bidali daiteke. Eta beste horrenbeste egin daiteke zuzenean ATARIA-ko erredakziora bidalita edo ekarrita: San Esteban, 20. 20400. Tolosa.

Telefonoz ere zure proposamenak entzuteko irrikaz egongo da TOLOSALDEKO ATARIA-ko lantaldea: 943 65 56 95.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!