Turismo gehigarria

[BABESTUTAKO EDUKIA] Burdin aroko bizimodua ezagutuz

Tolosaldeko Ataria 2019ko abu. 6a, 05:59

Anoetan 2000 urte atzera egiteko aukera dago. Horretarako, Basagain mendian dagoen izen bereko herrixka bisitatu besterik ez dago.

Burdin Arokoa da eta garai hartako biztanleen bizimodua ezagutzeko aukera aproposa eskaintzen du. Hiru hektarea eskas ditu, eta itsasoaren mailatik 295 metrora dago.

Koldo Oriak egin zuen aurkikuntza eta harremanetan jarri zen Aranzadi Zientzia Elkartearekin. «1994tik ari dira indusketa lanak egiten Basagainen. Xabier Peñalver da zuzendaria eta urtero etortzen da boluntario talde batekin», azaldu du Tere Soto Anoetako Udaleko kultura dinamizatzaileak. Urtero irailean joaten dira eta hasieran bi astez soilik joaten baziren ere, gaur egun, hiru astez egiten dute lan.

Jendeak ingurua eta bertan bizi ziren herritarren bizimodua ezagutu dezan, panel batzuk ere jarri zituzten 2002an. Panel horietan, Burdin Aroko bizimoduari buruzko xehetasunak ageri dira: defendatzeko zeuzkaten baliabideak, etxebizitzen ezaugarriak, menperatzen zuten teknologia eta egiten zuten nekazaritza eta abeltzaintzari buruzko informazioa.

Proiektuan sakonduz, 2015ean Basagain Burdin Aroko herrixka balioan jartzeko proiektua garatu zuen Anoetako Udalak, 60.176 euroko inbertsioa eginez, eta horretarako, Eusko Jaularitzaren 57.788,44 euroko diru laguntza jaso zuen. Besteak beste, udaletik proiektuaren erredakzioa eta zuzendaritza lanak kontratatu zituzten; lurrak erosi zituzten; arkeologoen lana bideratu zuten; bertara iristeko bidea atondu zuten; mahai interpretatzaileak, panelak eta bankuak jarri zituzten; infografiak egin zituzten...

Basagain herrixkak daukan garrantzia aitortze aldera, armarria ere aldatu zuten 2004an. Lehengo armarria herriko patroia den San Joan Batailatzailearen errepresentazio sinbolikoa zen, hau da, arkumea. Gainera, arkumearen inguruan gurutzea eta biblia azaltzen ziren eta goiko aldean espainiar etxearen koroa. «Armarri berria aukeratu zen, elementu naturalagoak dituena: kukua, Basagaingo etxeak eta mendixka, eta Oria ibaia», dio Sotok. Horrela, orain, beste esanahi batzuk azpimarratzen dira: ondarea, historia eta natura.

Basagain bertatik bertara ezagutzeko aukera ere badago eta irailean joatea izaten da egokiena, Aranzadikoak lanean aritzen direlako. Orduan, urtean zehar plastikoz estalita egoten den indusketa-gunea ireki eta udaletik bisita gidatuak antolatzen dira. Xabier Peñalver izaten da gidaria eta ikastetxeei nahiz norbanakoei ematen dizkie azalpenak.

Aurretik kanpaina bat egiten dute prentsa eta kartelen bidez eta izena eman besterik ez da egin behar. «Iraileko bigarren astetik aurrera egiten dira bisita gidatu horiek. Interesa dutenek udaletxera deitu behar dute eta nirekin hitz egin», azaldu du kultura dinamizatzaileak.

Hainbat aurkikuntza

Hainbat aurkikuntza egin dituzte Aranzadiko arkeologoek Basagainen.

Besteak beste, harresia, burdinazko jostorratzak, iltzeak, aiztoak eta defentsarako armak, estelak, txaponak, harrizko errotak, eskuz nahiz tornuz egindako zeramika zatiak, urruneko herrialdeekin merkataritza egiten zela frogatzen duten beirazko lepoko aleak eta eskumuturrekoak, animalien aztarnak, kiskalitako zereal aleak eta lekaleak.

2017. urteko kanpainan, berebiziko garrantzia duen aurkikuntza bat egin zen: Historiaurreko Euskal Herriko lehen hiri planoa izan daitekeena. Harriaren erdian kale edo pasabide bat ikusten da eta alboetan etxebizitzak. Trazadura linealek erakusten dute bertako biztanleek konplexutasun eta abstrakzio maila handia zutela. «Aurkikuntza honek sona handia izan zuen nazioartean ere, eta atzerriko erakunde garrantzitsuak jarri ziren harremanetan Aranzadirekin, gai honen harira», azaldu du Sotok.

Indusketa kanpainak

Aranzadi elkartekoek urtero hiru astez soilik egoteko aukera daukate, indusketa kanpainak eskatzen duen aurrekontua dela eta: «Etortzen direnek ez dute ezer kobratzen, baina hainbat gastu daude: Land Roverraren alokairua, boluntarioen dietak...». Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.000 euroko diru laguntza ematen du indusketa lanetarako eta Anoetako Udalak 2.500 euro jartzen ditu.

Basagain bisitatzearekin batera, turismo aukera zabalaz gozatu daiteke Anoetan. Azpimarratzekoa da ere bertatik igarotzen dela Done Jakue bidea eta baserri ikusgarriak dituela.

Horrela, historiaz, kulturaz eta naturaz gozatzeko aukera ezin hobea bihurtzen da Anoeta bisitatzea.

BASAGAIN HERRIXKA

Telefono zenbakiak. 943 65 12 00 (Anoetako Udala)

Sare sozialak. Facebook: Anoetako Udala

E-maila. udala@anoeta.eus

Wegunea. www.anoeta.eus/es/basagain-herrixka

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!