Emakumeen Donostiako Klasikoa, «ezinbestekoa»

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 24a, 19:59

Lehen aldiz antolatu da emakume txirrindularientzat Donostiako Klasikoa; Leire Olaberria ikaztegietarra da bertako antolakuntza zuzendaria.

Abuztuaren 3an emakumezko txirrindularitzan beste pauso bat emango da, Donostiako Klasikoa lasterketan lehen aldiz emakumezkoek hartuko baitute parte. Probaren antolakuntzan parte hartze esanguratsua du Leire Olaberria txirrindulari ohi ikaztegietarrak, antolakuntza zuzendaria baita. Olaberriak azaldu duenez, «Donostiako Klasikoaren 39. edizioa da, eta horrek esan nahi du 38 urteetan ez dela emakumezkoen probarik egon. Beraz, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun emakumezkoen Donostiako Klasikoa izatea».

Proba antolatzeak duen garrantzia nabarmendu du Olaberriak: «Berdintasuna guztien ahotan dago eta toki guztietan entzuten da, baina ez bada ezer egiten, berdintasun horrek urrun jarraitzen du. Pertsonalki horrek motibatu zidan proiektu honetan sartzera». Ikaztegietarrak gaineratu duenez, «pauso garrantzitsua da aukera berdintasun horren bidean. Horrelako gauzak eginez, dagoen distantzia pixka bat laburtzen da, eta emakumezkoen txirrindularitzak behar zuen horrelako egun handi bat. Mundu mailako erreferente bat behar genuen».

Aldundiarekin zenbait proiektutan ari zen lanean Olaberria, eta bertatik iritsi zitzaion egitasmo honetan sartzeko eskaria. Ocetak antolatzen du Donostiako Klasikoa, eta bertako taldearekin txirrindulari izan zen Olaberria, beraz, «gauza guztiak lotzea erraza izan zen», azaldu du. «Denok proba hau aurrera ateratzeko gogoa genuen».

Proba aurrera ateratzeko garrantzitsuena «baliabideak izatea» zela gaineratu du eta lan horretan aritu da Olaberria. Horrez gain, txirrindulari taldeei bidalitako gonbidapenen irizpide teknikoak zehaztu ditu, barrutik ezagutu duen mundu bat izanik. «Aurrera ateratzeko denon inplikazioa behar izan da, bai erakundeena eta baita babesleena ere», nabarmendu du Olaberriak.

IBILBIDE «OSO GOGORRA»

Ibilbideak guztira 126,7 kilometro eta 2.693,3 metroko desnibela du, baita bi esprint berezi eta lau mendate ere: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako bat. Lasterketa 10:00etan abiatuko da Donostiako Bulebarretik eta iritsiera 13:25ak eta 13:46ak bitartean aurreikusita dago, leku berean. Profil «oso gogorra» duela nabarmendu du Olaberriak. Jaizkibel izango da mendate garrantzitsuena, eta lasterketa igotzaileentzat egokia izango da.

Parte hartzaileei dagokionez, Olaberriak azpimarratu du Giroan lehen hamarren artean bukatu dutenetatik bost izango direla Klasikoan. Tartean izango da UCIko sailkapenean lehen postuan dagoen eta Giroa irabazi duen Annemiek Van Vleuten eta baita Ane Santesteban errenteriarra ere. «Santestebanek egin duen Giroa ikusita, bere dohainak luzitzeko ibilbide egokia da, esan du Olaberriak.

18 talde izango dira eta 102 txirrindularik parte hartuko dute. Parte hartzaileen maila ikusita, «lehen urtea izateko lorpen handia» dela dio Olaberriak. «Hain justu, probaren asmoa da mailaz igotzea urterik urte, gizonezkoak duen mailara iristeko». Izan ere, proba bat lehen aldiz antolatzean, ezin da maila gorenekoa izan, hau da , World Tour mailakoa. Aurten Klasikoa Klase 1 mailakoa izango da, eta epe laburrera World Tour maila lortzea dute helburu.

Emakumezkoen eta gizonezkoen taldeen aurkezpena batera egingo da frogaren bezperan, abuztuaren 2an. Horrez gain, emakumezkoen sari banaketa beraien lasterketaren ondoren egingo da, eta ondoren gizonezkoekin batera ere egingo da beste sari banaketa bat, arratsaldean. Olaberriak ere nabarmendu du gizonezkoen sari berdinak emango zaizkiela emakumezkoei, erakundeen eta babesleen konpromisoarengatik. Bestalde, lasterketaren mailak ez badu eskatzen ere, talde bakoitzari diru kopuru bat emango zaio, World Tourrean egiten den moduan.

Beste gai garrantzitsu bat da lasterketa telebistaz emango dela. «Emakumezko txirrindularien eskaera da telebistaz ematea, eta hor ETBren jarrera ere eskertzekoa da», azaldu du Olaberriak. 12:00etatik aurrera jarraitu ahalko da telebistaz lasterketa. «Oso gai garrantzitsua da telebistaz ematea, oihartzuna ematen zaielako eta babesleak lortzeko aukera zabaltzen zaielako emakumezko txirrindulariei».

OMENALDIA AITZINDARIEI

Probaren lehen edizioan, Orbea proiektuan 80ko hamarkadan izan ziren txirrindulariak omenduko dituzte. Arantxa Txitxi Orbegozo eta Amaia Elosegi tolosarrek, Josune Gorostidi txaramarrak, urtez luzez Tolosarekin lotura izan zuen Dina Bilbao ondarrutarrak eta Carolina Sagarmendi donostiarrak jasoko dute omenaldia. «Garrantzitsua iruditzen zitzaidan omenaldia egitea», esan du Olaberriak. «Gaur egun iritsi bagara iritsi garen tokira, bere egunean emakume horiek bidea ireki zutelako izan zen. Eta Gipuzkoan eta Euskal Herrian izan zirelako babesleak horrelako proiektua bultzatu zutenak. Iruditzen zitzaigun une oso egokia izan zitekeela atzera begiratzeko».

Donostiako Klasikoaren egunean bertan egingo zaie omenaldia, eta ETB bideo bat prestatzen ari da beraien inguruan. «Egun txirrindularitzan hasten ari diren neskek jakin dezatela bidea nondik datorren, eta omenduei eskertzea hasi zuten bide hori», esan du Olaberriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!