Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen herenegun Donostian, eta bai emakumezkoetan, baita gizonezkoetan ere, Orio nagusitu zen. Lehendabizikoa izan da emakumeen kasuan, eta hamabigarrena gizonezkoentzat. Emakumezkoetan Tolosaldea traineruko arraunlariak lehiatu ziren, eta zortzigarren sailkatu ziren.
ETE ligako zein Euskotren ligako partaideek hartu zuten parte Donostiako Kontxako badian jokatu zen proban. Hiru tandetan banatuta Hernani, San Juan, Lapurdi, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea, Orio, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia lehiatu ziren. Orio nagusi izan zen bere taldean proba hasi eta bukaera bitarte. Ziaboga bakarrera iristerako oso atzean zituen Hondarribia, hamalau segundora, Donostiarra 23ra, eta Arraun Lagunak 27ra. Bukaeran, 20 segundo atera zizkion Hondarribiari, 42 Arrauni eta 44 Donostiarrari. Bigarren txandako lehen biek, Hibaikak eta Zumaiak, hobetu egin zituzten Donostiako bi taldeen denborak, eta Euskadiko Txapelketan ariko dira, Orio eta Hondarribiarekin batera. Txanda horretan lehiatu ziren tolosaldearrak, eta hogei segundo baino gehiagoko aldearekin amaitu zuten lehen eta bigarren postuekiko. Lehendabiziko txandan, San Juan nagusitu zen, Hernani eta Lapurdiren aurrean.
Asteburuan bi hitzordu
ETE ligari dagokionez, hitzordu berriak ditu asteburuan Tolosaldeak. Larunbatean Sestaon lehiatuko dira, eta igandean, berriz, Orion. Azken hori berezia da tolosaldearrentzat, hain justu, bertan egiten baitituzte entrenamenduak.