Ligan laugarren postura jaitsi da Tolosaldea trainerua

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 23a, 12:59

Asteburuko bi estropadetan, Sestaoko banderan zortzigarren eta Orion bosgarren egin dute.

ARGAZKIAK: IÑAKI SUAREZ

ETE ligako emaitzei begiratuta, «ez da asteburu ona izan», laburbildu du Itsaso Aizpurua Tolosaldea traineruko arraunlari zizurkildarrak. Sestaoko banderan zortzigarren postua lortu zuten eta Orio Kanpina Banderan bosgarrenak izan ziren. Asteburua eta gero, laugarren postuan daude ligako sailkapenean eta lehenengo biak asko urrundu dira.

Larunbatean, Sestaoko estropadan, joaneko luzea ondo egin zutela dio Aizpuruak, baina ziabogan Hibaikakoekin arazoak izan zituztela dio: «Ukitu egin ginen, eta horrek burua joanarazi egin zigun, despistatu egin ginen eta arrankatzea kosta egin zitzaigun. Azkenean hor joan ziren segundoak». Aizpuruak gertatutakoa azaldu du: «Ziabogara bateratsu iritsi ginen, eta bira ematen ari ginela ikusi nuen Hibaikako aurrekoak ezin zuela arraun txikia atera. Segi eta segi, eta gure kontra zetozen, ezin zuen atera eta talka egin genuen».

Oso segundo gutxitan talde asko sartu ziren. Deustu izan zen irabazlea, denboraldiko lehen bandera lortuz, 11.02 denbora eginez. Tolosaldeak 11.14 egin zuen, zortzigarren amaituz. Bigarren txandan haizea altxatu zen eta zailagoa izan zela arraun egitea ere azaldu du Aizpuruak. «Arraunean, bestela, gustura sentitu ginen», esan du. «Maila oso altua dago eta akats bakoitza oso garesti ordaintzen da».

Igandean Orion jokatu zuten estropada. «Joaneko luzera ondo egin genuen, besteekin nahiko paretsu joan ginen, eta ziaboga egin eta itzulerakoa egiten hasi ginenean, arazoak izan genituen audioarekin, eta patroiak ezin zion entzun entrenatzaileari», esan du Aizpuruak. «Hasiera batean esan ziguten hirugarren kalean mantentzeko, baina arraunean geundela esan nahi zigun bigarren kalera joateko, hobea zelako. Halere, ez ginen ari nahi bezala arraunean, ez ginen gustura aritu». Zumaiak irabazi zuen estropada, 11.31 denborarekin, eta Tolosaldeak 11.53 egin zuen, bosgarren iritsiz.

«GURE ARTEAN ANIMATZEN»

Sailkapenean orain laugarren postuan daude Tolosaldeakoak, Deustu aurretik jarri baitzaie. Kaiku bi puntura dute atzetik. Gainera, Zumaia eta Hibaika asko urrundu dira, eta 15 eta 14 puntutara dituzte Tolosaldea trainerukoak. «Akatsa egiterakoan ez da puntu bakarra galtzen duzula, puntu pila bat galtzen dira eta hor joaten da dena», esan du Aizpuruak. «Kolpe handia izan da asteburua, puntu asko galdu ditugulako, baina gure artean animatzen ari gara eta gogoa dugu erakusteko hori baino hobeto dakigula gauzak egiten, eta hurrengo batean aterako zaizkigula».

Hurrengo bi estropadak aste honetan dituzte. Lehenengoa etzi, Lekeition, eta larunbatean Colindresen. «Gogoz gaude, asteburukoa gainetik kendu eta puntuak berreskuratzeko», esan du Aizpuruak.

ETE LIGAKO SAILKAPENA

Zumaia          70 p.
Hibaika          69 p.
Deustu           56 p.
Tolosaldea     55 p.
Kaiku             53 p.
Isuntza          40 p.
Hernani         39 p.
San Juan       37 p.
Ondarroa      19 p.
Lapurdi        16 p.
Colindres       8 p.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!