Jokin Etxeberria finalean izango da

Ataria 2019ko uzt. 22a, 13:42

Jon Otegi, Julen Gabirondo eta Iban Pardo izango dira Bedaion bizi den amasarraren lehiakideak, igandean Asteasun jokatuko den Euskal Herriko Sega Txapelketaren finalean.

Atzo eguerdian jokatu zen Aian Euskal Herriko Segalari Txapelketako kanporaketa. Bederatzi segalari izan ziren azkenean parte hartu zutenak, guztiak gipuzkoarrak, Eneko Bilbao bizkaitarra azkenean ez baitzen izan kanporaketan. 

Eskualdeko lau segalarik parte hartu zuten. Etxeberriaz gain, Jesus Mari Ormaetxea Urki Alegian bizi den orendaindarra, Arkaitz Arteaga baliarraindarra eta Mikel Lizartza tolosarra.

Ordu erdiko lana egin behar izan zuten eta bi multzotan aritu ziren segalariak; multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak pasa dira finalera. Etxeberria B multzoko lehen sailkatua izan zen, 1.358 kilo belar ebakita. Multzo horretan bigarren Iban Pardo izan zen, 1.309,5 kilorekin. Hirugarrena Urki sailkatu zen, bigarrenetik gertu, 1.291 kilo moztuta. Ondoren Jokin Urretabizkaia 1.125 kilorekin, eta, azkena, Suharri Irazustabarrena 1.068,5 kilo ebakiz.

A multzoan lau segalari aritu ziren, eta bertako lehenengoa Jon Otegi izan zen 1.403,5 kilo ebakita, eta, bigarren Julen Gabirondo, 1.403 kilo ebakita, hau da, kilo erdi gutxiago bakarrik. Hirugarren Arkaitz Arteaga izan zen 1.288 kilo moztuta, eta, laugarren, Mikel Lizartza 1.150 kilorekin. Bi multzoetako sailkapenak ikusita, kilo gehien moztu zituzten segalariak pasa dira finalera.

Finala igande honetan izango da, uztailaren 28an, eta Asteasuko Bulano baserriko zelaietan jokatuko da. 12:00etan hasiko da saioa eta lau segalariek ordubeteko lana egin beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!