Bidania nagusitu da Albizturren aurkako herri kiroletan

Irati Urdalleta 2019ko uztailaren 21a

Albizturko Santa Marina auzoko jaien barruan, Bidania-Goiatzen eta Albizturren arteko desafioa izan dute arratsaldean. Azkenean, bidaniarrak izan dira garaile.

17:30ean zegoen hitzordua jarrita Segore Etxe Berri jatetxe atariko belardian, eta bertan bildu dira Bidaniako eta Albizturgo taldeak baita lehiaz gozatzeko asmotan gerturatu diren hainbat ikusle ere.

Gorriz jantzi da talde bisitaria eta zuriz etxekoak. Hainbat proba izan dituzte aurrean: ergometroa, trontza, kixkiekin sagarrak biltzea, ingudea, txingak, lokotx biltzea eta korrika. Gainera, amaitzeko, guztiek buelta bana egin behar izan dute lasterka. Hala ere, ez da oso argi geratu nork irabazi duen norgehiagoka hori, beraz, sokatiran erabaki da nor izango den irabazlea. Bi tiraldi egin eta biak irabazi dituztenez, Bidania-Goiazko gazteak izan dira nagusi. Giro onean amaitu da lehia eta musikarik ere ez da falta izan, Arandia anaien eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!