ELAk ez du Gipuzkoako papergintzako ituna sinatu

Ataria 2019ko uzt. 19a, 19:57

LAB eta CCOOk herenegun sinatu zuten Adegirekin, paperaren sektorerako adostutako lan ituna.

Sei greba egun eta gero, akordio batera iritsi ziren Gipuzkoako papergintza sektoreko langileak eta Adegi patronala. Akordio hori herenegun gorpuztu zen, LAB eta CCOOk eta patronalak lan ituna sinatu baitzuten, ELAk ordea, ez zuen sinatu. Sindikatuak esan duenez, ez dago berme nahikorik itunak jasotakoa betetzeko. Patronalak edozein momentutan eta lan ordezkarien oniritzirik gabe aplikatu gabe utzi dezakeen hitzarmen bat dela esan du ELAk. Bere iritziz, lan itunak biltzen dituen edukiak sektoreak bizi duen momentu onaren isla dira, eta ez da berme nahikoa. «Horren adibide dira adostutako igoerak, izan ere, aurreko negoziaketan sinatutako igoeren oso antzekoak dira eta momentu hartan sektoreak bizi zuen egoera ekonomikoa kaskarragoa zen. Dena den, garrantzitsuak iruditzen zaizkigu lan istripu eta gaixotasunetako %100ko osagarria, eta baita Geroa-n eman diren aurrerapausoak ere».

Langileek erabaki dute lan itunaren alde egitea, batzarretan egindako bozketetan, eta ELAk abstentzio altua nabarmendu du, «%50a hain zuzen ere».

Sinatutako ituna «aplikatu gabe» geratu daitekeela dio ELAk eta hori onartezina dela. «Patronalak edozein momentutan eta lan ordezkarien oniritzirik gabe aplikatu gabe utzi dezakeen hitzarmen bat nahi du euren interesak babesteko. Sektore honetan jada gertatu da eta hori berriz ere gertatu ez dadin borrokatzen jarraituko dugu ELAn».

Sindikatuaren ustez oraindik ere bazegoen negoziatzeko aukera, beti ere, sindikatu elkartasuna eta greba egutegia mantenduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!