Enirio-Aralar

Aralar Bizirik-ek pistak bertan behera uzteko eskatu du

Ataria 2019ko uzt. 19a, 19:58

Plataformak Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten 15 udalei egin die eskaera.

Aralar Bizirik Plataformak udal hauteskundeak pasa eta udalak osatu diren honetan, Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten 15 udalei eskatu die «Aralar pistaz betetzea aurreikusten duen plana berehala bertan behera utzi dezala, azken urteetan eraikitako bi pistek sortutako kalte oso larriak ikusita». Horrez gain beharrezkotzat jotzen dituen neurrien inguruan ere aritu da. Horiek horrela, mankomunitaterako aukeratutako udal ordezkariek Aralarren interes ekonomikorik ez izatea eta hori publiko egitea eskatu du. Era berean, mankomunitateko lan taldean «udal ordezkariez gain abeltzain sektorea soilik ordezkatuta dagoenez» desegitea eskatu du edo Aralarren interesa duten sektore guztiez osatzea, hala nola, zientzilariak, mendizaleak, abeltzainak edota ekologistak. Horrez gain, mankomunitateak bere eginbeharrak berrantolatu behar dituela esan du. Mankomunitea erakunde gardena izan behar duela aldarrikatu du: «Enirio-Aralar Mankomunitateak gizartea informatu behar du, hartzen dituen barne erabaki edota aurrera eramatea erabakitzen duen ekintzen inguruko informazioa helaraziz».

Abere handien kopurua mugatzea

Bukatzeko, mendira bidalitako abere handien kopurua berehala mugatzea eskatu du Aralar Bizirik Plataformak, «azken urteetako abere handien gainkargarekin bukatuz».

Mankomunitatea osatzen duten udalei egindako eskaerez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiari horretan laguntzeko eskatu dio eta Aralar Natur Parkearen zaintzan dituen ardurak betetzea. «Eta horretarako pistak eraikitzeko dirua Aralar Natur Parkearen zaintza eta hobekuntzara bidera dezala eta ez hondatzea, azken urteetan egin duen bezala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!