Lau eskualdeko Euskal Herriko sega txapelketan

Ataria 2019ko uztailaren 19a

Gipuzkoako sega txapelketa jokatu ondoren, Euskal Herrikoaren txanda izango da asteburu honetan. Ohiko eran, bederatzi segalari hasiko dira lehian, finalerako lau txartelen bila. Horien artean egongo dira eskualdeko lau ordezkari: Arkaitz Arteaga baliarraindarra, Mikel Lizartza tolosarra, Jexuxmari Ormaetxea Urki orendaindarra, nahiz eta Alegian bizi, eta Jokin Etxeberria amasarra, Bedaion bizi dena.

Euskal Herriko Txapelketan, Gipuzkoakoan bezala, lehedabizi kanporaketa jokatzen da. Bi multzotan banatuta ariko dira segalariak. Multzo bakoitzetik bi pasako dira finalera, kilo gehien pilatzen dituztenak.

Igandean, Aiako Arizterrazu auzoan jokatuko da kanporaketa. Lehen multzokoak 11:30ean hasiko dira lehian. 30 minutuko lana izango dute. Julen Gabirondo, Arteaga, Lizartza eta Otegi izango dira lehen txandako segalariak.

12:30ean bigarrena hasiko da ondorengo segalariekin: Etxeberria, Urki, Pardo, Irazustabarrena eta Urretabizkaia.

Gipuzkoako txapelketako finalean Gabirondo txapelduna, Otegi, Etxeberria eta Urki izan ziren. Euskal Herrikoaren finala uztailaren 28an jokatuko da Asteasun. 30 minutuko lana beharrean ordubetekoa izango dute orduan. Asteburuan ikusiko da Asteasura aurreko laurak joango diren edo besteren batek aurrea hartzen dien Arizterrazun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!