Euskararen aktibatzaileak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 18a, 15:59

Asteartean heldu ziren, Tolosara, EuskarAbentura 2019 espedizioko partaideak. Edukiz eta sorpresaz beteriko egunak igaro ondoren, kostalderako bidea hartu dute 146 gazteek.

Ez ziren oinez heldu, baina egingo balute bezala sartu ziren Laskorain ikastolako areto nagusira, asteartean, EuskarAbentura espedizioan parte hartzen ari diren 146 euskaldunak. Aurpegiko neke zantzuek, herri berri bat ezagutzeko ilusioarekin egin zuten topo. Bertan, Kike Amonarriz soziolinguista tolosarra zuten zain. Ordu eta erdi inguruko hitzaldia eskaini zien Amonarrizek. Bizia bezain interesgarria. Dinamikoa bezain mamitsua. Euskararekiko kontzientzia eta ilusioa pizteko modukoa.

Duela urte batzuk Tolosan euskararen erabilera nolakoa zen azaltzen hasi zen: «15-16 urte nituenean, gazteen artean inork ez zuen euskaraz egiten». Ondoren, jolasean jarri zien gazteei. Euskararekiko zein pertzepzio zuten galdetu zieten, 1etik 10erako eskala eskuetan zuela. Orotariko erantzunak jaso zituen. Berak baina, uste baino hizkuntza handiagoa dela azpimarratu zuen: «Gure burua oso txiki ikusi izan dugu». Tarteka, datu esanguratsuak helarazi zituen. «1981ean, 25 urtetik beherako gazteen %19a zen EAEn euskaraz hitz egiteko gai. Egun, %81ak egin dezake euskaraz».

HIZTUN AKTIBOEN BEHARRA

Euskararen ezagutzan emandako urratsei esker, bidegurutze baten aurrean gaudela adierazi zuen Amonarrizek: «Euskararen normalizazioa lortuko dugu, ezagutzaren unibertsalizazioan dagoen gazteen belaunaldiak erabilera mailan urrats sendoak ematea lortzen badugu». Gainera, euskararen alde egiten dugunean, beste hizkuntza eta kultura txikien alde ere egiten dugula azaldu zuen. «Kontziente gara, ordea, erabilera txikia dela, eta inguruan hizkuntza erraldoiak ditugula».

Hala ere, hezkuntza sisteman, esaterako, urrats aurrerakoiak eman ditugula azpimarratu zuen. «Zuen belaunaldiak behartu du jendea euskara ikastera; beraz, etorkizunean erabiltzea besterik ez zaizue geratzen». Gai askorekin gertatzen den moduan, informazio eza dagoela azaldu zuen. «Moda, kontzientzia edota inertzia dira euskararen erabilera gehien oztopatzen duten faktoreak. Ezagutzatik erabilerara igaro behar dugu, Euskaraldian egin bezala».

Norberak bere ingurugiroan iniziatiba hartzeari eman nahi izan zion garrantzia Amonarrizek. Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko musikariak Kobetamendiko kontzertu entzutetsuaren amaieran botatako esaldia ekarri nahi izan zuen gogora: «Ezin gara geldirik egon, entzule aktiboak behar ditugu». «Bada, baita hiztun aktiboak ere», gehitu zuen Amonarrizek. «Nahi baino mantsoago, baina aurrera goaz».

Saioaren azken zatian, jolasari heldu zion berriro. AEBetako mapa bat hartu, eta behinola euskaldunek konkistatu zutela sinetsarazi zien gazteei. Asmatutako istorio baten bitartez, Arizona, Nevada, eta Oregon, besteak beste, euskaldunek sortutako izenak direla kontatu zuen, umorea erabiliz. Barre algara ederrak egin zituzten denek.

GOIZ BATEZ, ANTOLATZAILE

Atzo, berriz, kultur etxera gerturatu ziren, dutxa bat hartu ondoren. Ekonomia sozialaren inguruko saio didaktikoa egin zuten, Enekoitz Etxezarreta eta Ion Morandeira GEZKIko ikertzaileen laguntzaz. Batez ere, esperientzia praktikoetatik abiatu ziren, eta «Nola antolatzen da EuskarAbentura?» galdera botaz, taldeka lanean jarri zituzten gazteak.

Zerbitzuen kontratazioaz aritu ziren, eta adituek, udaleku ibiltari erraldoi bat antolatzeko orduan, elkarte bat beharrezkoa dela azpimarratu zuten, baita lanerako motibazioa ere. Bazkal aurretik, Tolosa ezagutzeko aukera izan zuten, Brian Cullenek gidatutako bisitei esker. Laskorain ikastolan igaro dute gaua, eta Berria-ren Andoaingo egoitza bisitatu dute gaur goizean.

226, OINEZ EGINDAKO KILOMETROAK

Aurtengo ibilbideak, 798 kilometro hartzen ditu. Horietako asko, oinez egiten ari dira gazteak. Besteak, berriz, autobusez edo trenez. Atzoko egunera arte, 226 kilometro pilatuta zituzten, 12 etapetan. Eguna Tolosan pasa eta gero, datozen egunetan, kostaldea zeharkatuko dute. Antolatzaileek dibertigarriagoa eta ikusgarriagoa izango dela uste dute. Ibilbidea amaitzeko, ia 400 kilometro geratzen zaizkie; horietatik 195, oinez.

29, WIKIPEDIAN EUSKARAK DUEN POSTUA

Wikipediak euskarazko 336.000 artikulu ditu gaur egun eta joan den urtean 30 milioi bisita izan zituzten, 2017an baino 5 milioi gehiago. Modu honetan, artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 29. postuan dago, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik, duela bi urte 31. postuan zegoen bitartean. Datu horiek gogorarazteko aukera baliatu nahi izan zuen, Kike Amonarrizek, astearteko hitzaldian.

Erlazionatuak

"Luxua da Euskal Herrian jendea asko inplikatzea"

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 uzt 18 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!