Euskararen etxeko erabilerak gora egin du eskualdean

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 17a, 13:59

Galtzaundik ezagutzera eman ditu 2016ra arteko eskualdeko datu soziolinguistikoak. Gaitasuna, ama hizkuntza eta erabilera izan dituzte kontuan.

Zenbat euskaldun gara Tolosaldean? Zenbatek jaso dute euskara etxean? Zenbat erabiltzen da kalean? Eta etxean? Galdera horiei erantzuteko Tolosaldeko 28 herrien azken 35 urteetako datu soziolinguistikoak bildu ditu Galtzaundi Euskara Taldeak. Ondorioz, eskualdeko ezagutza eta erabilera datuak eta horien eboluzioa herriz herri ikusteko aukera jarri da www.galtzaundi.eus webgunean.

Hizkuntza gaitasuna, lehen hizkuntza, etxeko erabilera eta kale erabilera datuak bildu dira webgunean eta eskuragarri daude 28 herrien arabera sailkatuta. Orokorrean, eskualdeko biztanleen %74 dira euskaldunak; euskara ulertzen dutenak, %84. Lehen hizkuntza euskara dutenak eta etxean erabiltzen dutenak %63 dira. Azkenik, euskararen kaleko erabilera %57koa da.

Datu horiek lortzeko, zenbait informazio-iturrietara jo du Galtzaundik, hala nola, EUSTATera, 2016-2017 urteetan Soziolinguistika Klusterrarekin eta UEMArekin egindako kale erabileraren azterketaren datuetara, Soziolinguistika Klusterrak eta Adunako, Amasa-Villabonako, Anoetako nahiz Zizurkilgo udalek herri bakoitzean egindako azterketen emaitzetara, eta azkenik, Siadeco ikerketa elkarteak, Ibarrako eta Tolosako udalekin eta Galtzaundirekin elkarlanean, bi herrietan gauzatutako ikerketen datuetara.

Joera berdina mantentzen da herri gehienetan. Hizkuntza gaitasunean euskaldunek behera egin dute; erdaldunek, berriz, gora. Ama hizkuntzari dagokionez, egun, herritarren ehuneko txiki bat da etxean gaztelania jaso duena (%32). Transmisio horretan, euskara jaso dutenak gehiago dira. Etxeko erabileran, berriz, behera egin du euskarak, eta gora gaztelaniak. Aipatzekoa da 2006ko datuen arabera, herri gehienetan etxeko erabileran, nabarmen egin zuela behera euskarak, eta gaztelaniak, aldiz, gora. Gero, baina, euskarak lehen zuen tokia berreskuratu du herri horietan. Kaleko erabileraren datuak begiratuz gero, haurrak eta gazteak dira euskaraz gehien egiten dutenak (herri batzuetan, %100ean kokatzen da datua). Adinekoak, berriz, beste aldean kokatzen dira.

Hizkuntza gaitasunaren eta ama hizkuntzaren arteko konparaketa eginez gero, zenbait ondorio atera daitezke. Lehenik eta behin, 2000. urtera bitarte, gutxi gorabehera, euskalduna zen herri txikietako biztanleen gehiengoa. Toki batzuetan, herritar guztiak euskaldunak ziren ordura arte. Gero, ordea, XXI. mendeko lehen urteko etxebizitzen boom entzutetsua heldu zen. Herri gehienetan egin ziren etxe berriak, eta beraz, eskualdeaz kanpoko herrietatik jende ugari bertaratu zen bizitza berri bati ekiteko asmoz. Horietako askoren ama hizkuntza, gainera, gaztelania da. Hori da, ziurrenik, hizkuntza gaitasunaren eta jasotako lehen hizkuntzaren datuen arteko aldearen arrazoia.

KALEAN, ETXEAN BAINO EUSKARA GEHIAGO

Tolosaldeko etxe gehienetan betidanik erabili izan dira euskara nahiz gaztelania. Herri txikienetako bizitokietan, handia da euskararen aldeko joera, nahiz eta gaztelania bere tokia egiten joan den. Biztanleria handiko herrietan, berriz, antzekoak dira bi hizkuntzen datuak. Hala ere, bost urtetako epean (2011-2016), eskualdean gora egin du euskararen etxeko erabilerak: %46,5etik, %47,8ra igo da. Gaztelaniaren erabilera, berriz, jaitsi egin da: %38tik %34ra.

Tolosako datuei erreparatuz, gora egin du etxean euskaraz aritzeko joerak, eta 2016an, lehen aldiz gainditu zuen gaztelaniaz aritzen zirenen kopurua: %40a eta %38a. Amasa-Villabonaren kasuan, azken hamarkadan herritar gehienek etxean gaztelaniaz egiteko joera bazuten ere, orain gehiago dira euskaldunak. Herritarren %42ak hitz egiten du etxean euskaraz; gaztelaniaz aritzen direnak, %40a dira.

2017an egindako azterketaren arabera, eskualdeko herritarren %57k euskaraz egiten zuen kalean; %41ak, berriz, gaztelaniaz (gainerako herritarrak, beste hizkuntza batean aritzen dira). Herri batzuetan, gainera, aldatu egiten da euskaraz egiteko joera, adin-tarteen arabera. Amasa-Villabonan, Ibarran, Larraulen, Tolosan edota Zizurkilen, besteak beste, adinean behera eginda, geroz eta gehiago erabiltzen da euskara. Hala ere, zenbait herri txikitan, Albizturren, Amezketan, Asteasun edota Orexan adibidez, adineko pertsonen %95 inguruk (Orexan %100ak), kalean euskaraz aritzeko joera du. Herri txiki gehiagotan ere, euskararen erabileraren datuak onak dira adin-tarte horretan.

Kale erabilerari erreparatuz, bi polo ezberdin aurki ditzakegu. Batetik, bere garaian eskolara joan ezin eta etxean bertan euskara hutsean mintzatzen jarraitu zuten herritarrak. Bestetik, berriz, Frankismo garaian, kanpoaldetik hona bizitzera etorritako biztanleak. Horietako asko gaztelaniaz bizi ziren, eta ohitura hori mantendu dutenez, aurrez aipatutako herrietan (tartean, biztanleria handieneko inguruneetan), adinekoek gaztelaniaz egiteko joera dute.

Ezagutzaren eta erabileraren arteko alderaketarekin jarraituz, aipatzekoa da, herri ia denetan, euskararen ezagutza kopurua %80an edo gorago kokatzen denean, erabilera ere antzeko kopuruetan mantentzen dela. Aldiz, herritarren 5etik 4k baino gutxiagok ezagutzen duten kasuetan, erabileran erraz egiten du behera, %50 edo %60 inguruan kokatzen delarik.

1981etik 2016ra bitarteko datuak daude ikusgai, bost urtez behin eguneratuak. Kale erabileraren datuei dagokienez, berriz, urterokoak daude bisitarien eskura. 2021ean galdetegi berri bat egingo du Eustatek. Soziolinguistika Klusterrak, berriz, etxeko nahiz kaleko hizkuntza erabileraren behaketa gauzatuko du urte berean.

%100 KALE ERABILERA, HAINBAT HERRITAN

2017an egin zen euskararen kale erabileraren azken azterketa, herriz herri. Eskualdean %56,50ean kokatzen zen datu hori. Orduan, gainera, adin-tarteka ere sailkatu ziren datuak, eta zenbait herritako kaleetan, adin-tarte jakin batzuetan, %100ekoa zen euskararen erabilera: Adunan eta Alkizan gazteetan, Elduainen adinekoetan, eta Orexan, haurretan, gazteetan eta adinekoetan.

33.868 EUSKALDUNAK TOLOSALDEAN

2016an, ia 46.000 biztanle bizi ziren eskualdean. Hizkuntza gaitasuna kontuan izanda, horietatik 33.868 (%74), euskaldunak ziren. 1981ean, %63an kokatzen zen ehuneko hori. Erdaldunen kopuruak, aldiz, behera egin zuen 35 urteetan: lehen %21a zen erdalduna, orain %16a.

%34 ETXEAN, GAZTELANIAZ

3 herritarretatik 1ek (%34), gaztelaniaz egiteko joera du etxean. Euskaraz egiteko joerak behera egin du 25 urtetan: %48.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!