Bigarren aldiz jzioqui dute!

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 14a, 11:59

Martxan da 'EuskarAbentura 2019' espedizioa. Euskara ardatz duen udaleku ibiltaria, berrikuntzekin heldu da aurten, eta asteartean iritsiko da Tolosara. Orotariko ekintzetan gustura dihardute denek, tartean, eskualdeko 10 kideek.

1997an Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen VI. mendean Donemiliaga Kukula udalerrian eraikitako San Millan de Susoko monasterioa. Garrantzi linguistiko handia du. Monje batek emilianotar glosak idatzi zituen bertan, latinez idatzitako testuen ohar argigarriak. Bertan aurkitzen dira euskaraz idatzitako lehen hitzak ere. Hori dela eta, hizkuntza erromantzearen eta euskararen jaioleku bezala kontsideratzen da.

Donemiliagako glosak, X. eta XI. mendeetan eskuz idatzitako oharpen txikiak dira. Guztira, mila daude, eta horietatik bi dira euskarazkoak. Helburua, latinezko testuaren zenbait pasarte azaltzea zen. «Jzioqui dugu, guec ajutu ez dugu» dio euskarazko oharpenak. Ustez, «piztu dugu, gu ez gara egotzi» da bere esanahia. Hain justu, euskarazko idatzi zaharrena erabili nahi izan zuen, iaz, EuskarAbentura Elkarteak, Euskal Herria zeharkatuko zuen espedizioaren izenari, lelo bat gehitzeko. «Bat dator egitasmoaren izpirituarekin: bidea piztu, hizkuntza piztu».

Euskaraldia ospatuko zela aprobetxatuz, hiztun gazteen aktibazioan eragin nahi izan zuten iaz. Aurrez, elkartea osatzen duten hamar gazte, hiru urtez aritu ziren egitasmoari forma ematen. Ruta Quetzal izeneko espedizio-sorta eredu hartuta, euskal aldaera bat martxan jartzea zen ideia. Lortu zuten, eta aurten, berriz piztu dute ilusio hori.

Mauletik Getxora, Trebiñutik barrena

140 partaidetik gora, 31 etapa, ia 800 kilometro eta zenbatu ezinezko bizipenak begi aurrean bilduko dituen abentura da. Euskararen bueltan inoiz egin den espediziorik handiena. Hori da EuskarAbentura. Euskal Herria oinez zeharkatzea eta euskararen lurraldeko geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzea helburu duen ekimenaren bigarren ekitaldia ospatzen ari dira uneotan.

Euskal Herriko zazpi probintzietatik nahiz diasporatik inguratutako 16-17 urte bitarteko 121 euskaltzale bildu ziren, Maulen, bidaiari ekiteko. EuskarAbentura Elkartetik diotenez, «adin tarte hau da gauzak deskubritzen eta heldutasunean definituko gaituzten esperientziak bizitzeko unea. Gainera, gazte garaian harreman ugari egiten dira, eta oso garrantzitsua da horietako hizkuntza ohituretan eragitea». Adin txikikoez gain, abenturaren parte dira 25 gazte ere: logistikaz arduratzen den espedizioko koordinatzaile orokorra, furgonetak gidatzeaz eta materiala garraiatzeaz arduratzen diren bi gidari, hamar xerpa (begiraleak), bi xerpa-buru eta hiru xerpa-laguntzaile, osasunaz arduratzen diren bi mediku eta erizain bat, eta komunikazio lan mardula egiten ari diren bi kazetari, eta bideogile nahiz argazkilari bana. Guztiek, formakuntza-asteburua egin zuten espedizioari ekin aurretik, Barrian (Araba). Xerpa gehienak iazko berdinak dira, eta aurten, xerpa-laguntzaile figura sortu dute, iaz jzioquitar izan eta abentura oso ondo ezagutzen dutenen eskutik.

Uztailean zehar, gure lurraldea zeharkatzen dihardute 146 euskaldunek, eta jada burutu dute bidaiaren lehen herena. Lehen egunean, taldeka antolatu zituzten gaztetxo guztiak (espedizioan, jzioquitarrak). Multzo bakoitzak, gainera, xerpa edo begirale bat izango du. Ondoren kideek elkar ezagutzeko saioak eta jolasak egin zituzten, espedizioari buruzko informazio praktikoa jaso aurretik.

Nabarmentzekoa da aurtengo ibilbidearen %95 baino gehiagok Done Jakue bideko hiru adarretan egiten duela aurrera: bide frantsesa Mauletik Vianaraino, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruneraino (aurkako noranzkoan) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino. Bideak berak emango duenaz gain, Euskal Herrian kokatzen diren Unescok izendatutako gizateriaren ondare historiko guztiak bisitatzen ari dira. Interesgune azpimarragarri horietaz harago, aipatzekoa da, Trebiñutik igaroko dela espedizioa, bertan kokatutako ikastola bat bisitatzeko.

Bertan parte hartzeko, ehunka lagunek bidali zuten motibazio gutuna. Aipatzekoa da, euskaraz dakien edonork eman dezakeela izena, eta ez dela matrikulazio-kuotarik ordaindu behar. Bestetik, lan bat ere burutu behar izan zuten jzioquitarrek (espedizioko kide gazteek jasotzen duten izena). Lana prestatzeko, hiru gairen artean bat aukeratu behar izan zuten: Maite ditut maite gure bazterrak (Euskal Herria eta aztarna ekologikoa); joan-etorriak (migrazio mugimenduak); eta errimak eta erritmoak (musika, kantua, dantza, olerkia edota antzerkia). Bost alor ezberdinen artean aukeratu behar zuten lana bideratzeko: historia, literatura, plastika, musika edo ikus-entzunezkoak. Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean ebaluatu ziren lanak, originaltasuna, estiloa, teknika eta kalitate irizpideak kontuan hartuta. Azkenean, talentu ezberdineko euskaldunek lortu zuten lan onenen egile agiria edo espedizio-beka.

Osasuna eta ingurumenarekiko kontzientzia

121 gazteren erreferente izango den taldea trinkotzeko ez ezik, hilabete osorako irizpide eta jarraibideak ezartzeko ere baliatu zuten Barriako formakuntza-asteburua. Talde sustatzailearen ustez, arestian aipatutako helburuez gain, beharrezkoa da positiboak diren zeharkako balioak transmititzea. Hori dela eta, 50 ekintza baino gehiagoko zerrendak aberasten du espedizioaren bizkarrezurra.

Lehenik, arriskuak gutxitu eta segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak eta jarduteko modua adostu zituzten. Osasun alorrean, alde batetik, gainkargak, babak, eguzki-erredurak, infekzioak edo kutsatzeak saihesteko neurriak zehaztu zituzten. Bestetik, larritasun mailaren arabera, kasu ezberdinen aurrean hauek kudeatzeko jarraitu beharreko prozedurak findu zituzten hilabetez bidean izango diren mediku eta erizainarekin. Gainera, gaixo kronikoak kontrolatzeko eta sor daitezkeen kasu ezberdinak artatzeko barne-protokoloak adostu dituzte, eta oinarrizko baliabide batzuk irakatsi dizkiete gainerakoei.

Bestetik, EuskarAbentura espedizioaren filosofiari jarraiki, espedizioan zehar ahalik eta zabor gutxien sortzeko neurriak hartzen ari dira. Horretarako, Hondakinen Kudeaketaren Hierarkian ezarritako lehentasunak betetzea finkatu dute helburu gisa: saihestu daitekeen hondakinak saihestea (Prebentzioa), sortutako hondakinen bat berrerabili badaiteke, berrerabiltzea eta birziklatu daitezkeen hondakinak sailkatu eta kudeatzea. Gainera, partaide bakoitzak bere tresna berrerabilgarriak daramatza motxilan.

Ingurumen arloari lotuta, lau saio ezberdin antolatu dituzte aurten. Lehena, pasa den ostiralean gauzatu zuten, Auritzen. Auzolana ardatz izanik, erreka garbitzeko zabor bilketa egin zuten. Datorren ostiralean izango da bigarren saioa: Jakoba Errekondo agronomoaren konpainian egingo dute Hernani eta Irun batuko dituen 25 kilometroko etapa. Gure baratzeen, basoen eta paisaia botanikoaren gaineko irakurketa gauzatzeko baliatuko dute. Beste bi saioak, kostaldean egingo dituzte. Baionan, larrialdi ekologikoaren inguruko kontzientziazioari buruzko saioa, eta hilaren 25ean, Euskal Kostaldeko Geoparkera eta Flyschetara bisita.

Euskara ardatz duten beste hamaika ekintza

Euskararen protokoloa lantzeko, aurten EBETE Hizkuntza Zerbitzuak taldeko Iñaki Eizmendiren laguntza izan dute. Iaz ikasitakoarekin eta Eizmendiren ekarpenekin espedizioaren xede garrantzitsuenetakoa den euskararen erabileran eragiteko markoa ezarri zuten bidaiari ekin aurretik. Batetik, jzioquitarren errealitate soziolinguistikoaren diagnostikotik abiatuta, espedizioak izandako inpaktua neurtuko dute; bestetik, horretan eragiteko askotariko dinamikak garatuko dituzte. Besteak beste, probintzia bakoitzeko euskararen egoera azaltzen zaie gazteei, ezagutzeko eta hausnartzeko. Gainera, datozen asteetan, hizkuntzalari eta soziolinguista banaren saio berezia ere izango dute. Azkenik, euskalgintzari lotutako espazioak ere bisitatzen ari dira.

Gehienbat, baina, kulturaz eta ondare historikoaz elikatuko dute aurtengo abentura. Horregatik, bi alor hauei lotutako ekintzak dira gehienak. Euskal Herriko zenbait txoko (Gesaltzako gatzagak, San Millango monastegia, Zumalakarregi museoa, Antton Abadia Jauregia, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Gaztelugatxe…) bisitatzeaz gain, musikari eta dantzari lotutako inprobisazio lantegiak eta hitzaldiak ere izango dituzte. Gainera, bidaian zehar, Asisko Urmeneta ilustratzaileak, Euskal Herriko historiari buruzko azalpenak emango dizkiete espedizioko kideei.

Genero berdintasuna sustatze aldera, eta konpromiso hori hartuta, emakumeen ahalduntzea bideratzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko metodologia parte hartzailea eta ardura banaketa parekidea gauzatuko dute Familia Urdinaren barruan. Eta hori bera proiektatuko dute jzioquitarrengan ere: rol tradizional hegemonikoen apurketa bilatuko dute jardueretan, honen inguruko hausnarketa sustatuko dute eta feminismoa ardatz izango duen mintegi bat ere proposatuko diete.

Orain arte, Ipar Euskal Herrian bizitzearen eta lan egitearen erronken nahiz zurrumurruen kontrako estrategia arrazakeriari aurre egiteko saio bana burutu dituzte. Datozen egunetan, lanaz, sexu eta genero identitateez, migrazioaz nahiz feminismoaz hornitutako mintegiak eta solasaldiak izango dituzte, besteak beste, Hiruki Larroxa Kolektiboko kideekin eta Jaizkibel konpainiako ordezkariekin.

Euskal Herrian barrena ibiltzeaz gain, aparteko jarduera fisikoa egiteko eta kirolariak gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute. Yoga eta pilota tailer bana egingo dituzte, Bingen Esturo eta Patri Espinarrekin. Hilaren 30ean, berriz, Athletic futbol taldeko jokalariekin topatuko dira San Mamesen. Horrez gain, eraso sexisten nahiz jazarpenen aurkako protokolo bana garatu du elkarteak, baita drogen kontsumoa galaraztera bideratutako beste bat, lapurretak saihesteko beste bat eta baita sakelako telefonoen erabilera arautzeko hirugarren bat ere.

Eta guzti hau zertarako? Bada, azken egunean aurkeztu beharreko proiektua garatzeko. Iaz 10 talde ziren; aurten, berriz, 12, dira. Egun hauetan, taldeka biltzen dira, espedizioarekin zerikusia duen abestia, antzezlana edota dantza garatzeko. Gero, abenturan lagun izan dituzten gainerako kideei aurkeztuko diete proiektua, amaiera ekitaldian.

Proposamen berrien mezulariak

Aurten ere EuskarAbenturak Pasta Posta jarri du partaideen eskura. Honen funtzioa espedizioko zurrumurruak jasotzea, gazteak aurpegira esatera ausartzen ez diren mezu positiboak idatziz jasotzea, edota egun hauetan sortzen diren mezu sekretuak bidaltzea izango da. Hilabete bukaerara arte edonork egin ahal du bere ekarpena, eta egunero, gaubeila heltzen den unean irakurtzen dituzte mezuak.

Lehen egunetik hasi zen kutxa betetzen. Tartean, xerpei proposatutako erronka bat eta erretratu bat aurkitu dituzte. «Nire bihotzeko azukre koxkorra zara» moduko esaldiak alboratu eta proposamen berriak bilatzea da asmoa. Gainera, mezuak irakurri bitartean, emotikonoak irudikatzen dituzte aurpegi eta gorputzen laguntzaz.

Eskualdea, era guztietara ordezkatuta

12 egun betetzen dira, gaur, abenturari hasiera eman ziotenetik. Beste horrenbeste etapa egin dituzte, eta bi asteko epean, hiru probintzietatik igaro dira. Oraingoz, 150 kilometro inguru egin dituzte EuskarAbenturako kideek, eta gaur, Vianatik Gesaltzarainoko bidea egiten ari dira, autobusez. Asteburuan, berriz, Gasteiz eta Araia bisitatuko dituzte. Tartean, gurasoen bisita izango dute gaztetxoek.

Datorren astearte arratsaldean, berriz, Ormaiztegitik helduko dira eskualdera, trenez. Hain justu, Tolosan pasako dituzte hilaren 16ko eta 17ko gauak, Laskorain ikastolan. Asteartean, soziolinguistikari buruzko tailerra izango dute Kike Amonarrizekin. Asteazkenean, berriz, herrian igaroko dute eguna. Goizean, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiari buruzko hitzaldia izango dute Enekoitz Etxezarreta eta Ion Morandeirarekin. Bazkal ondoren, gazteen eta ingurune digitalaren inguruan mintzatuko dira, eta afariaren osteko gaubeilan, bisita sorpresa bat jasoko dute. Ostegun goizean, Hernanira abiatuko dira; aurrez, Andoaingo Martin Ugalde parkeko Berria hedabidea bisitatuko dute.

Tolosaldea, baina, ez da geografikoki soilik ordezkatuta egongo. Espedizioa osatzen duten 146 kideetatik, hamar dira eskualdekoak: Tolosako Ioritz Segurola eta Leire Bengoetxea xerpak, eta Unai Altuna eta Haimar Martin xerpa-laguntzaileak, eta Adunako June Miner, Asteasuko Maddi Etxeberria, eta Tolosako Jon Dorronsoro, Garazi Oiarzabal, Unax Odriozola eta Alain Odriozola jzioquitarrak.

Euskal Herri osoa espedizioaren parte

Abentura lehen pertsonan bizi ezin, baina gertutik jarraitu nahi dutenentzat, bada tresna baliagarri bat: EuskarAbentura aplikazioa. Codesyntax enpresak garatu du eta erabilgarri dago Android nahiz iOS sistemetarako.

Aplikazio horren erabiltzaile orok, zenbait abantaila eta xehetasun dituzte abenturarekiko. Batetik, espedizioa unean-unean eta mapa baten gainean proiektatuta geolokalizatzen du. Bestetik, etapa bakoitzaren xehetasun teknikoak (kilometro kopurua, gainbehera, puntu garaiena eta baxuena, profila, igarotzen dituen herriak…) jasotzen ditu. Jzioquitarrek espedizioan zehar egindako argazkiak eta grabatutako bideoak ere erakusgai daude. Horretaz guztiaz gain, parte hartzaile guztiei buruzko aurkezpen labur bana eta zenbait bitxikeria biltzen dituzten profil-fitxak ere badira ikusgai.

Bi belaunaldiak bat eginda

Neska-mutil euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea da EuskarAbentura egitasmoaren helburu nagusietako bat. Hain justu, horretarako antolatu dituzte, aurten estreinakoz, Belaunaldi Arteko Egunak. Iazko eta aurtengo parte hartzaileak nahastuko dira, elkar ezagutu eta harremantzeko asmoz, baita aholkuak partekatzeko ere. Jzioquitar ohiek, aurtengo laguntzaileekin bat egingo dute berriro.

Igande goizean, San Fermin egunez, Zubiriko frontoi ondoko aparkalekuan egin zuten lehen kontaktua. Hartu-emanak egiteko, esperientziak partekatzeko, elkarri galderak egiteko eta kontaktuak partekatzeko baliatu zituzten bertatik Iruñeara bitarteko 23 kilometroak. Nafarroako hiriburuan, berriz, festa giro bete-betean murgildu ziren. Bertako ekintzetan guztiek elkarrekin hartu zuten parte, gaubeilarekin batera, 2018ko jzioquitar 'beteranoek' espedizioa utzi eta euren etxeetarako bidea hartu zuten arte.

Iruñea, ordea, ez da sarea sendotzeko eta elkarbanatutako esperientzia eta kontaktuak areagotzeko geldialdi bakarra izango. Izan ere, hilaren 24an, dinamika bera errepikatuko dute. Goizean, Donostiako udaletxe atarian elkartuko dira bi belaunaldietako kideak. Alderdi Eder plazatik abiatuko den 22 kilometroko kostaldeko etapan, Zarautzeraino joango dira gazteak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!