Osalanek esan du Apattako Fudike galdategiko silikato zenbatekoak ez direla egokiak

Ataria 2019ko uztailaren 12a

CCOO sindikatuak azaldu duenez, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak dio Fudike galdategian, 2013 eta 2017 urteen artean, egindako silikato neurketa guztiek eman zutela onargarria ez zen kopurua. Era berean, dio ez dela kromo eta nikel neurketarik egin, nahiz eta altzairu herdoilgaitzak badituen.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak lanak eragindako gaixotasuna onartu dio 2018an minbiziaz hildako J.R.B.A. langileari. Langileak Fudike galdategian egin zuen lan, gaur egun Apatta industrialdean dagoena, Ibarran, eta garai batean Tolosan zegoena. Langileak 17 urte eman zituen bertan lanean.

CCOO sindikatuak eman du albistearen berri, eta esan du berak eskatu ziola ikerketa egiteko Osalani, langilearen izenean. “Osalani bere gaixotasunaren, biriketako kaltzinomaren, inguruko txostena egiteko eskatu genion, bere lanpostuarekin zerikusia ote zuen ikusteko. Langileak bere lana nola egiten zuen azaldu zuen eta antzeko gaixotasunak pairatu zituzten lankideen berri eman zuen. Langile horiek guztiak Tolosako lantokian aritu ziren lehenik, eta Ibarran gero”, esan du sindikatuak.

Osalanek ikerketa ireki zuenean, Fudike enpresak ezin izan zuen aurkeztu 2012 urte aurreko segurtasunari eta langileen osasunari lotutako dokumentaziorik, CCOO esan duenez. “Horregatik ezin izan da baieztatu enpresak Tolosako lantokiari lotuta ematen dituen segurtasun neurri egokien egiazkotasuna”. Ezin izan da ere zehaztu lantokian zegoen silikato hautsa zenbatekoa zen.

Osalan Ibarrako lantokira ere gerturatu zen eta ekoizpen gune bakarra dagoela baieztatu ahal izan zuen, eta bertan langile guztiak batera aritzen direla lanean, horiek horrela, langile guztiak daude silikatoarekin kutsatzeko arriskuan. “Hala ere, ez dira lanpostuetako neurketak egiten, nahiz eta badakiten langileen arrisku maila ez dela onargarria”. Osalaneko teknikoak, era berean, lantokia bisitatu zuen egunean aireztatze sistema bakarra dutela ikusi ahal izan zuen, eta egun horretan gainera, ez zuela aireztatzen.

Hori guztia kontuan hartuta, CCOOk dio, Osalaneko txostenak baieztatzen duela lantokian neurtutako silikatoa ez dela onargarria, eta ez dagoela kontrolpean, langileen segurtasun eta osasun eskubideak zapalduz.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!