Papergintzako langileen gehiengoak Adegiren azken proposamena onartu du

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 11a, 17:04

Gipuzkoako papergintzako langileen %70ak egin du azken neurrien alde; eskualdeko Aralar, Munksjö eta Oria enpresetan ere alde egin dute.

Amezketako Aralar paper fabrikan 56 langilek azken proposamenaren alde egin dute eta 15k kontra; Berastegiko Munksjön 62k egin dute alde eta 15ek kontra; eta Zizurkilgo Orian 28k hitzarmena sinatzearen alde egin dute eta 8k ezezkoaren alde. Eskualdeko papergintzako langileen gehiengoak beraz, Gipuzkoa osoan eman den joerarekin egin du bat. Hau da, Adegi patronalak mahai gainean jarritako azken proposamena onartzearen alde egin dute.

 Gipuzkoako papergintza sektorean 8 eguneko greba deitu zuten ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, eta horietatik 6 egin ostean, Adegik egindako proposamena batzarretan bozkatzearen alde egin zuten. Ordura arte egindako proposamenetan patronalak hainbat neurri jarri zituen mahai gainean, baina sindikatuen iritziz ez ziren nahikoa. Azken bileran, ordea, beste hiru neurri gehitu zituen: soldaten KPIa gehi %1,25eko igoera, errelebo kontratuak 2018ko legearen arabera egiteko konpromisoa, eta baimenen hobekuntza, baita guraso bakarreko familientzat ere. Sindikatuek orduan langileen esku utzi zuten erabakia, eta batzarretan bozkatu dute azken proposamenaren alde.

 LAB sindikatuak esan duenez, proposamen hau lortzea sektorearen langileen lorpena izan da. “Borroka izan da Adegi sektorean betidanik egon diren eskaerak onartzera eraman duena”, esan du. “Orain arte ez bezala, langileek ez dituzte oporrak galduko, baja egoeran egoteataik 18 hilabeteetan ez hartu izanagatik, berdintasun planak egitea adostu da, euskararen normalkuntzarako mahaia sortuko da, lan osasunean hobekuntzak egon dira, haurdun dauden emakumeentzat soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da eta abar”, nabarmendu du sindikatu abertzaleak. Horregatik dio hitzarmena “azken urte luzeetan lorpen sozial gehien” dituena dela. “Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du eta lana zein bizitzaren uztarketa errazten du. Sindikatu guztiok jarritako helburuei erantzun die”, gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!