Artolari irabazi ondoren, finala partida bakarrera du Altuna III.ak

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 11a, 15:15

Bihar jokatuko du partida erabakigarria Ladis Galartza lagun duela, Ezkurdia eta Zabaletaren aurka.

San Fermin Txapelketa une erabakigarrian sartu da. Sei bikote finaleko bi posturen lehian. Bizirik jarraitzen duen eskualdeko ordezkari bakarra Jokin Altuna da. Atzo, 22-18 irabazi zien Artola-Mariazkurrena II.ari. Alegiarrak Urrutikoetxearen lekuan jokatu zuen, aurrera egiteko ia aukerarik gabe. Izan ere, partida irabazteaz gain aurkariak 7an utzi behar zituzten. Ez zen horrelakorik gertatu, galtzaile atera baitziren Altuna III-Galartzaren aurka.


Multzoko lehen postua eta finalerako txartela erabakitzeko lehia bakarra geratzen da: bihar, 22:15etik aurrera, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dena. Ezkurdia-Zabaleta, Altuna III-Galartzaren aurka. Irabazleak igandean jokatuko den finalean egongo dira.


Atzo partida giro paregabean jokatu zen. Labrit lepo bete zen eta sanferminetako festa pilotalekura eraman zuten zaletuek. Mariezkurrena II.ak izugarrizko partida jokatu zuen. Jokin Altunak une honetan parekorik ez duela erakutsi zuen. Ohiko artista senari seriotasuna gehitu dio amezketarrak, eta ikusgarria izan zen aukera gutxirekin eskaini zuen erakustaldia. Galartzak ez zuen partida txarra jokatu, nahiz eta Mariezkurrena II.ak denbora guztian bizkarra erakutsi. Iñaki Artola izan zen maila eman ez zuena. 7 tanto egin zituen alegiarrak baina 9 kale. Ez zuen bere atzelariaren nagusitasuna aprobetsatu.


Txanponaren beste aldean amezketarra. 9 tanto egin zituen baina kale bakarra. Partida handia jokatu zuen benetan Jokin Altunak. Markagailua oso parean joan zen azken txanpara arte. Hor bikote gorriak abantaila lortu zuen eta ez zuen barkatu. Galartzak egindako bat eta 6 hutsegiterekin amaitu zuen. Mariezkurrena II.ak lau egindako eta hiru kale besterik ez. Ikusgarri aritu zen atzelari urdina. Binakako txapelketa bikaina jokatu zuen nafarrak, baina orain beste maila batean dago: atzelari onenen artean.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!