Txoko honetan lehenago ere esana dugu hizketa-teknologiak erabilgarriak izan daitezkeela ezgaitasunak dituzten pertsonentzat. Duela urtebete pasatxo, webguneak irakurri beharrean entzuteko teknologia aurkeztu genizuen; TTS edo Text to Speech delakoa, alegia. Ikusmen-urritasunen bat edo dislexia-arazoak dituztenei euskarazko webguneetako edukia irakurtzen dien sistema automatiko bat da.
Orain, urrats bat aurrerago egin dugu, eta eraikin, museo eta ibilbide turistikoak inklusibo eta irisgarri egiteko sistema bat garatu dugu, Bidaide izenekoa (https://bidaide.elhuyar.eus).
Bidaiderekin, edonork bere kabuz erabil eta goza ditzake turismo- eta kultura-baliabideak (museoak, ibilbide turistiko eta kulturalak...), baita eraikin publikoetako bisitak ere. Hiru osagarri nagusi ditu Bidaidek: edukiak sortu eta kudeatzeko hizkuntza- eta hizketa-teknologiak, irisgarritasun-aholkularitza eta telefono mugikorretarako aplikazio edo app bat.
Edukien kudeaketari dagokionez, esan bezala, hizkuntza- eta hizketa-teknologiak erabiltzen dira irisgarritasunaren mesedetan. Batetik, hizkuntza batean baino gehiagotan sor daitezke testuak, itzulpen automatikoa baliatuz, erabiltzaileek informazioa nork bere hizkuntzan jasotzeko aukera izan dezaten. Hala ere, edukiak eta azalpenak testu-formatuan badaude, ez dira irisgarriak itsuentzat edo ikusmen-urritasunen bat dutenentzat. Horregatik, testu horiek audio bihurtzeko aukera ere eskaintzen du sistemak; nahi izanez gero, automatikoki sor daitezke audioak, Elhuyarren hizketaren sintesia baliatuz.
Irisgarritasun-aholkularitzari dagokionez, horretan espezializatutako enpresa baten laguntza behar izaten da. Batetik, ibilbidea edo eraikina irisgarria izan dadin egin beharko liratekeen moldaketak proposatzen edo egiten dituzte. Bestetik, aukerako irisgarritasun-informazio gehigarria gehitzen diete interesguneetako eta ibilbideko puntu kritikoetako azalpenei; adibidez: oztopo arkitektonikoak, malda handiak eta erakusgaien deskribapenak aurkitu edo eskulturak ukitu ahal izateko oharrak... Gainera, nahi izanez gero, irakurketa errazaren gidalerroei jarraituz idazten dituzte azalpen-testuak, ezgaitasun kognitiboak edota hizkuntza ulertzeko zailtasunak dituztenentzat. Dena prest dagoenean, irisgarritasuna bermatzeko probak egiten dituzte ezaugarri eta aniztasun funtzional askotarikoak dituzten erabiltzaileekin.
Azkenik, prestatutako eduki hori guztia telefono mugikorretako aplikazio batean txertatzen da, erabiltzaileak bere mugikorra besterik behar izan ez dezan halako lekuetan bere kasa ibiltzeko. Aplikazioa bera irisgarria da, erabiltzailearen irisgarritasun-ezarpenekin uztartzen da, kolore-kontrasteak eta piktogramak ditu eta gidari-lanak egiten dizkie ikusmen-urritasunen bat dutenei, toki garrantzitsuenetan azalpenak emanez: biratu ezkerretara, segi beste 30 metro aurrera... Horretarako, GPS teknologia erabiltzen da aire zabaleko ibilbideetan, eta eraikinen barruan, berriz, bluetooth seinalea igortzen duten baliza batzuk jartzen dira puntu klabeetan.
Bidaide egitasmoa aitzindaria da erabat, pertsona guztiei bermatu nahi baitie kulturarako, turismorako eta zerbitzu publikoetarako sarbidea, aniztasuna errespetatuz eta aintzat hartuz. Eta euskaraz, jakina!
Dagoeneko bada ibilbide kultural bat Bidaide sistema baliatuz bisitatu daitekeena, Usurbilgo Harria Hitz ibilbidea (https://adi.usurbil.eus) hain zuzen. Harria Hitz ibilbidearen helburua da Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian izan duen papera ezagutaraztea, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez. Kasu honetan, sei hizkuntzatan jarri dira ibilbideko zazpi puntuetako azalpenak; katalan eta galegozkoak itzulpen automatikoz sortu dira zuzenean, eta gainerakoak itzultzaile profesionalek egin dituzte. Audio guztiak TTS teknologiaren bidez sortu dira, automatikoki. Eta azalpenak irakurketa errazaren gidalerroei jarraituz idatzita daude.
Beraz, ez dago aitzakiarik bisitarik ez egiteko.