Asteburuan izango dira jokoan Ehun Milak lasterketak, eta horietako bat da Goierriko Bi Handiak. Felix eta Jokin Artola aita-semeek parte hartuko dute bertan. 88 kilometroko proba da, 6.000 metroko malda positiboarekin. Felix (1958) abaltzisketarra da jaiotzez eta Amezketan bizi da, eta Jokin (1985), alderantziz, Amezketan jaio eta egun Abaltzisketan du bizilekua. Biekin elkartu ginen Larraitzen, bertan lasterketak anoa gunea izaten baitu, elkarrekin egingo duten probari buruz hitz egiteko. Bihar gauean abiatuko dira Beasaindik, 23:00etan.
Zurekin hasiko gara, Felix. Goierriko Bi Handiak proban dagoeneko zortzi aldiz parte hartu duzu. Nolatan erabaki zenuen parte hartzen hastea?
Felix Artola. Lehenengo edizioa oharkabean pasa zitzaidan. Bigarren urterako ibilbidea zein zen begiratu nuen, eta egun batean erdibideraino joan nintzen. Beste batean handik aurrerakoa egin nuen, eta pentsatu nuen ez zela ezinezkoa. 22 ordu ematen dituzte bukatzeko eta, beno, probatu egingo nuela pentsatu nuen eta horrela hasi nintzen.
Mendian ibiltzekoa izan zara betidanik? Horrelako proba bat egiteko sasoian egon behar izaten da...
F. A. Mendia betidanik gustatu izan zait. Orain gehiago ibiltzen naiz, denbora gehiago dudalako. Umeak txikiak direnean, badakizu, umeez arduratu behar duzu. Orduan ere ibilaldiak egiten genituen.
Zure kasuan, Jokin, bigarren aldia izango da aurtengoa. Nolatan animatu zinen?
Jokin Artola. Aita hor ikusten genuen parte hartzen, eta gu irteeran izaten ginen, eta Larraitzera iristerakoan, animatzen. Beti esaten zigun ea egunen batean animatuko ginen. Azkenerako har txiki bat sartu zitzaidan, eta pentsatu nuen polita izango zela aitarekin batera egitea horrelako proba bat. Orain bi urte Pirinioetako zeharkaldi bat egin nuen eta neure burua ikusi nuen gai zela distantzia luzeak egiteko. Eta hortik atera zen aurreko urtean ateratzearena.
Hain justu, iaz bertan behera utzi zuten antolatzaileek lasterketa Larraitzen, eguraldi txarrarengatik.
F. A. Ikusten zen eguraldi aldetik oso txarra zegoela. Larraitzera etortzerako zerbait baretu zela ematen zuen, baina bidean beldurra eta dena pasatu genuen tximistekin. Izugarrizko lokatza zegoen, jendea edozein tokitan irristaka... Larraiztik gora joanda, Aralar aldean arrisku gehiago ikusiko zuen antolakuntzak eta beraien erabakia errespetatzen dut.
J. A. Zaldibiatik behetik gora abiatu ginenean izan zen agian handiena harrapatu gintuena, eta aitak esan duena, sekulako tximistak eta gertu. Baina behetik zabiltza, baso artean, eta hainbestean. Hori bai, buruan bagenuen gero Aralarren nola izango ote zen egoera. Ematen zuen baretzen ari zela, baina erabakiak aurretik hartu behar dira, gero ezin da jendea Aralar goian dagoela hartu. Biok ulertu genuen erabakia izan zen.
Beste mendi lasterketetan parte hartu duzue?
F. A. Ez naiz mendian jendetzarekin ibiltzeko zalea. Bakarrik gehiago gozatzen dut. Ni Larraitz ingurukoa naiz, eta proba etxe ondotik pasatzen da. Aurretik ere, Larraiztik emaztea eta biok atera eta Arantzazura joan izan gara oinez, eta ibilbidea ia berdina egiten genuen. Bestalde, Euskal Herria Mendi Erronkaren lehen edizioan parte hartu nuen, oso eguraldi txarrarekin, eta gero lanarengatik-eta ezin izan dut beste behin ere atera. Aurten berriz atera gara, eta bukaeran oso eguraldi txarra izan genuen: mugikorraren botoiei zapaltzeko gaitasunik gabe eskuetan.
Zure adinekoak parte hartzen ikusten dituzu, Felix?
F. A. Ez dakit, egia esan. Besteei ez diet gehiegi erreparatzen. Izango da bakarren bat edo beste. Orain dela hiru urte topatu nintzen 60 urte izango zituen beste batekin. Ni, behintzat, mendian gustura sentitzen naiz, eta nire erritmoan joaten naiz. Aurrekoei segika ez dut pauso bat emango eta atzealdekoak azkarrago joan nahi badu, pasa dadila. Nire helburua bukatzea izaten da.
Hain justu, lasterketan zein helburu duzuen zen hurrengo galdera.
J. A. Nire kasuan argi dut. Hainbeste urtetako esperientzia duen baten atzetik joatea izango da. Eutsi egin behar da hainbeste kilometrotan, nahiz eta bere erritmoan joango dela esan. Baina, bai, asmoa behintzat bukatzea da, eta ondo bukatzea. Eta gozatzea ere bai. Horrelakoetan, hainbeste ordutan, larrialdiak beti izaten dira, une gorabeheratsuak. Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka proban eguraldi txarra izan zen eta bukaera sufritua, baina, beno, gozatu ere egin genuen. Beraz, esandakoa, aitari segi bere erritmoan: erbi segurua da probarako.
Zenbat ordutan egin izan duzu proba, Felix?
F. A. Gainontzeko parte hartzeetan hemezortzi ordu inguruan ibili naiz. Urte batean eguraldi nahiko txarra izan zen, eta orduan hemeretzi ordutara gerturatu nintzen. Hemezortzi ordu inguruan ibiliz gero, konformatzen naiz. Garrantzitsuena da osorik iristea, gero zutik egoteko moduan bukatzea.
Eta zuri Jokin, zer iruditzen zaizu aitak horrelako proba batean parte hartzea?
J. A. Horrelako proba bat egin eta bukatzen du, eta gero ikusten dugu hurrengo egunetan nola egoten den, beraz, sasoiko dagoela dudarik ez. Hasieran kezka puntu bat sortu zitzaidan, eta esaten nuen orain garai honetan okurritu zaio bada mendi lasterketetan parte hartzea eta korrika hastea mendian. Baina denborarekin ikusten ari naizena da, urtetan ibilitakoaren poderioz, genetikarengatik edo dena delakoarengatik, gorputza eginda duela, zaildutako pertsona dela eta disfrutatu egiten duela. Hori izan zen aurreneko urteetan. Segi dezala aurrera ahal duen bitartean.
Gauez ekiten diozue probari. Zer suposatzen du horrek?
F. A. Niri tokatu izan zaizkit gau oso txarrak, Aralarren zehar bost metrotara ikusten ez dela. Eta beste gau batzuk, berriz, oso politak: aurrealdera begiratu eta sugea ematen duela, linterna guztiekin, eta atzealdera begiratuta ere berdin. Ea aurten horrelakoa tokatzen den.
Larraitzen anoa puntua izaten da, eta hauxe da etxetik gertuen duzuen lekua. Ingurukoak ere etorriko zaizkizue animoak ematera.
F. A. Larraitz beti izan da niretzako berezia, hemen inguruko baserri batekoa bainaiz. Eta probaren egunean bertan Larraitzera etortzen dira emaztea, anai-arrebak..., eta antolakuntzan kuadrillako batzuk ere izaten dira. Beraz, emozio handiko unea izaten da. Gero, Larraiztik gora beti gustura abiatu izan naiz. Asfaltoa baino nahiago dut mendia.
Beste leku berezi bat niretzako Lizarrustitik Etxegarate bitartekoa da. Dena basoa da. Urte batean gogoratzen naiz lainoa zegoela, eta jendea zebilen seinaleak aurkitu ezinik. Ni jartzen nintzen aurretik eta seinalea begiratu beharrik ez nuen izaten, zorua begiratuta banekien bidezidorra orain eskuinera, orain ezkerrera, orain goraka, ze aldetara zihoan. Jendeak niri pasa egiten zidan, eta berriro lainoarekin egiten zuen topo, eta berriro nire atzetik jartzen ziren.
J. A. Niri ere Lizarrustitik Etxegaraterainoko bide horrek zirrara berezia eragiten dit. Ezagutzen dut eta leku zoragarria da. Aldi berean, gauetik egunera pasatzen izango gara bertan, eta errespetua ere ematen dit, ea nola erantzungo dudan tarte horretan.