Jokin Altuna eta Iñaki Artola berriz ere elkarren aurka, gaur

Ataria 2019ko uztailaren 10a

Urrutikoetxearen lekuan jokatuko du Artolak binakako San Fermin Txapelketako partida, gaur, 22:15etik aurrera, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ataria Irratiak zuzenean eskainiko du jaialdia.

Lau eta erdiko San Fermin Txapelketaren finala jokatu ondoren, amezketarra eta alegiarra berriro aurrez aurre egongo dira gaur gauean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Oraingoan binakako partidan neurtuko dituzte indarrak. Jokin Altunak Ladis Galartza izango du atzean eta Iñaki Artolak Mariezkurrena II.a.

Alegiarra binakako San Fermin Txapelketatik kanpo utzi zuen enpresak hasiera batean, baina Urrutikoetxearen lekuan sartuko da gaurko jaialdian. Labriteko partida Ataria Irratiak zuzenean eskainiko du 22:00etatik aurrera hasiko den emanaldian.

Altuna III-Galartzarentzat txapelketako lehen partida izango da. Aurkarientzat, aldiz, bigarrena. Lehen partidan, Urrutikoetxeak eta Mariezkurrena II.ak 22-7 galdu zuten Ezkurdia-Zabaletaren aurka.

Binakako San Fermin Txapelketan sei bikote ari dira lehian bi multzotan banatuta. Finalera multzoko lehenengoak pasako dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!