Tolosaldeko turismo enpresak saritu dituzte

Ataria 2019ko uzt. 9a, 14:50

Eusko Jaurlaritzak Turismo Lehiakortasun ziurtagiriak banatu ditu; Alkizako Lete nekazalturismoak Europako Etiketa Ekologikoa (Ekolabel) eskuratu du.

Eusko Jaurlaritzak Turismo Lehiakortasun ziurtagiriak banatu dituzte, Donostiako Tabakaleran, eta Tolosaldeko 12 enpresak 14 ziurtagiri jaso dituzte.

Urteak dira Eusko Jaurlaritzaren, Basquetour (Euskal Turismo Agentzia) eta Tolosaldea Garatzeneko turismo sailaren elkarlanari esker turismo sektorearen lehiakortasuna hobetzeko programak ari direla eskaintzen eta horiek guztiak saritzeko unea izan da gaurkoa.

Turismo jasangarria
SICTED kalitateko programarekin hasi zen lanketa, urte batzuk geroago teknologia berrien erabilerari lotutako beste programa bat gehitu zioten eta azken urte hauetan, turismo jasangarriago bat lortzeko bidean, efizientzia energetikoa hobetzeko diagnostikoak egiten ari dira eta Ekolabelarekin ari dira lanean. «Horrela negozio bakoitzak bere bezero edo beharren arabera, hoberen egokitzen zaion programa aukeratu dezake», esan dute Tolosaldea Garatzenetik. Bide horretan Alkizako Lete nekazalturismoa saritu izana nabarmendu du Tolosaldeko agentziak. Letek Tolosaldea Ekolabel ziurtagiria lortu du eta hori lortzen duen lehen zerbitzu turistikoa izan da.
Efizientzia energetikoaren neurketan Euskadiko efizienteenen artean kokatu dute Alkizako Lete  nekazalturismoa.

Tolosaldeko sariak
Tolosaldeari dagokionez Lete nekazalturismoaz gain Zizurkilgo Abeletxe, Berastegiko Baztarretxe nekazalturismoa, Tolosako Illargi taberna, Berrobiko Teileri landetxea eta Asteasuko Ugarte nekazalturismoa SICTED programarengatik saritu dituzte. Eta Abaltzisketako Bizi Biziki, Berrobiko Iriarte jatetxea, Tolosako Korteta nekazalturismoa, Tolosaldea Tour agentzia, eta Tolosako Topic zentroa IKT erabilpen egokiagatik nabarmendu dira. Tolosako Nicolas erretegiari ere SICTED programa aitortu diote, eta baita efizientzia energetikoa saritu ere.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!