Euskal Herrikoan 11 domina lortu dituzte Tolosaldekoek

Imanol Garcia Landa 2019ko uztailaren 5a

Tolosako Usabal kiroldegian Euskal Herriko infantil eta alebin mailako igeriketa txapelketa izan da jokoan.

Euskal Herriko alebin eta infantil mailako igeriketa txapelketak egin ziren pasa den asteburuan Usabal kiroldegiko igerilekuan. Tolosaldea IKT taldeak maila bakoitzean hamar igerilari ingururekin parte hartu zuen, eta guztira 4 urre, 5 zilar eta 2 brontzezko domina lortu zituzten.

Honetaz gain, Oinatz Azkoitia, Markel Garmendia, Unai Zubeldia eta Joanes Ruizek osatutako txandakakoak zilar eta brontze bat lortu zituen eta 4x100 estilotako Espainiako gutxienekoa lortu zuen 4.03,63 markarekin. Taldetik Zubeldia eta Garmendiaren 200 metro libre probak ere nabarmendu dituzte 2.07,08 eta 2.05,96 denborarekin, eta Nahia Cristobalenaren 100 metro bularretan 1.18,66rekin, eta Leire Maritxalarren 400 metro libreak 4.42,60 denborarekin. Neska infantilen 4x100 metro estiloen txandakakoa ere nabarmendu dute taldetik: 4.39,58ko marka egin zuten Leire Maritxalar, Iraia Otegi, Maddi Matilla eta Joane Arzalluzek.

Nerea Pagola IKT Tolosaldea taldeko kideak azaldu duenez, «alebin mailakoak Gipuzkoako txapelketa jokatzetik zetozen, eta beraz oso ondo iritsi dira, eta oso gustura lortutako emaitzekin. Bestalde, infantilek asteburu honetan dute Gipuzkoakoa, eta Euskal Herrikora berdexeago iritsi ziren. Ondo egin zuten, denbora txukunak eginez, baina egia da asteburu honetan pixka bat gehiago emateko aukera izango dutela. Orokorrean, oso gustura gaude igerilariek egindakoarekin».

Hiru egunez izan ziren txapelketako saioak, lehen aldiz bi maila batera izan baitziren jokoan. «Muntai handia izan zen asteburu osoan zehar, 500 igerilari inguru aritu baitziren, horietatik 300 inguru emakumeak», esan du Pagolak. «Hiru egunetan barruko igerilekua itxita egon zen eta jendeak kanpotik ibili behar izan zuen. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, kiroldegia kudeatzen duen Kirolzerri eta udalari, sortu diren deserosotasunen aurrean izandako jarrerarengatik eta emandako laguntzarengatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!