Emakume pilotariei «duintasuna» emateko

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 4a, 11:59

Laurogei pilotari federatu inguruk, tartean eskualdeko hainbatek, sortu berri dute Emakume Pilotarien Elkartea. Larunbatean egin zuten elkartearen aurkezpena Azkoitian, pilotarekin duen harreman esanguratsuarengatik.

Maider Mendizabal anoetarra elkartearen lehendakariordea da, eta egitasmoa orain sortzearen arrazoia azaldu du: «Azken hiru-lau urteetan, eskuzko Master Cup txapelketa dela eta, badirudi gizartea konturatu dela neska pilotariak badaudela, nahiz eta hainbatek urteak daramatzagun frontoietan». Azken garai honetan ikusten joan dira «interes bat eta diru pixka bat» bazegoela emakumeen pilota jaialdiak egiteko. Hori bideratzen aritu direnei «emakumeen pilota ez zaie gehiegi interesatzen», esan du Mendizabalek: «Azken finean, jaialdiak antolatzen aritu dira bakarrik, eta ez dira hasi gurekin biltzen, ikusten zer behar ditugun, ze entrenamendu behar diren... Ez da lana serioski egin. Beraz, ikusten genuen, orain mugimendu hori egonik, aukera genuela emakumeen pilotaren egitura benetan itxuroso bat egiteko eta duintasuna emateko».

Avento aholkularitza enpresatik esan zieten orain zela aukera horrelako zerbait eratzeko, eta animatu egin dira egitasmoa martxan jartzera. Gizonezkoetan azpiegitura bat badagoela dio Mendizabalek, batez ere esku pilotan. «Txikitatik pilota eskoletan hasten dira, mailatan aurrera zoaz, eta aukera dutenek profesional izatera iristen dira. Pala, zesta puntan eta erremontean ere badago, baina ez da alderagarria esku pilotarekin. Emakumezkoei dagokionez, gure jomuga izan da Munduko Txapelketara joatea, beti afizionatu moduan, eta beti gure aldetik asko jarriz». Pilotari anoetarrak gaineratu duenez, «desestrukturazio bat dago emakumeen pilotan. Ez dago ibilbide bat ondo markatua eta progresio logiko batekin. Behintzat aukera hori izatea nahi dugu, eta hori da EPEren helburuetako bat».

Elkartean sartu direnak Hegoaldeko pilotariak dira. «Ia gehienekin hitz egin dugu azalduz ze behar ikusten ditugun, eta guretzako garrantzitsua dela taldea osatzea eta denak gurekin egotea. Eta oso erantzun ona izan dugu, gehienek baiezkoa eman baitute. Falta direnekin hurrengo egunetan hitz egingo dugu eta nik uste dut asko sartuko direla, azkenean denon hobe beharrez sortu dugun zerbait baita». Pilotari denei erantzutea da elkartearen helburua, «jokamolde guztiak kontuan hartuz. Elkartean sartu eta denon alde egiteko gaitasuna izateko asmoa dugu». Zesta puntako pilotariek sortu zuten elkarte bat jokamolde hori bultzatzeko, eta beraiekin harremanetan jarri nahi dute ere.

Elkarte izaera hartzerakoan, helburuetako bat «ahal duten pilotari guztiek jaialdi eta txapelketa pribatuetan parte hartzea» da, eta, bestetik, kudeaketari dagokionez, «dena denon artean egitea, talde bezala funtzionatzea, eta erabakiak horrela hartu ahal izatea», esan du Mendizabalek.

Ekintzei dagokionez, hainbat azaldu dituzte: hitzarmenak adosten ahalegintzea emakumeen pilota sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuekin; lehiaketa egutegi egoki bat lortzea; pilotarien prestakuntzan «pauso handiak» eman nahi dituzte, teknifikazioak sortuz, adibidez; hainbat jokamoldetako txapelketak antolatzea; gazteentzako eta ikasleentzako eredu nahi dute izan, hitzaldiak eta ikastaroak antolatuz; eta jaialdiak ere antolatu nahi dituzte herrietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!