Grafikagintza eta papergintzako langileak kalera atera dira

Jon Miranda Labaien 2019ko uzt. 3a, 16:46

Sindikatuek %80an kokatu dute grebaren jarraipena bi sektoreetan; 11:00etan elkarretaratzea egin dute grafikagintzakoek eta ordubete beranduago, manifestazioa burutu dute papergintzako langileek.

Grafikagintza sektoreko langileek  elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloan; Asteartean, Adegirekin izandako bileran, aurrerapausorik eman ez izana salatu dute sindikatuek. Bilerak ez zuen emaitza positiborik eman. Oraingoz, ez dute beste hitzordurik adostu eta Gipuzkoako enpresarien elkarteak bi aldeek gogoeta egiteko denbora hartzeko luzatutako proposamenari gaur Tolosan erantzun diote sindikatuek: «Guk gogoeta aspaldi egina dugu, guk hitzarmen duina nahi dugu, eta orain nahi dugu. Negoziatzeko borondate guztia dugu, baina gure hausnarketa, lehengoa eta oraingoa, berdina da».

Arte grafikoen sektorean Gipuzkoan dabiltzan langileen %80ak bat egin du hirugarren greba egunarekin, ELA, LAB eta UGT sindikatuen deiari erantzunez. LABeko ordezkari Laida Zubillagak «lotsagarritzat» jo du Adegiren jarrera: «Langileen beharrei ez diete kasu egiten, ez digute entzun nahi. Nahikoa dela esan nahi diegu eta behingoz eseri daitezela negoziatzera. Egoera luzatu egingo da bestela, eta ez da hori langileok nahi duguna».

Sindikatuen ustetan, patronalak «oparitzat» saldu nahi ditu hitzarmenaren zenbait hobekuntza, nahiz eta legez egokitzapen horiek aplikatzera behartuta egon. Adegik mahai gainean jarri duen puntu bakarra soldatak hiru urtetan KPIaren arabera igotzea izan da. Zubillagaren esanetan, «ez da nahikoa» planteamendu hori: «Duela hiru urte, sindikatuek ahalegin berezia egin genuen eta hitzarmen xumeago batzuk sinatu genituen, bagenekielako zein zen sektorearen egoera. Hiru urtean hobera egin dugu, enpresa gehienek egoera ekonomiko ona dute eta KPIa baino gehiago eskaini eta eman dezaketela uste dugu».

Grafikagintza sektoreko langileek, egoera aldatu ezean, greba egutegiarekin jarraituko dute. Bihar, Donostiako Gipuzkoa plazan 11:00etan elkarretaratzea egingo dute eta iraila eta urrian jarraituko dute mobilizazioekin.

Papergintza sektorea ere, borrokan

Gaur papergintza sektoreko langileen %80ak bat egin du ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deitutako bosgarren greba egunarekin. «Pozik» agertu dira langileak jarraipenarekin eta baieztatu dute produkzioa «ia erabat» gelditu dela lantegietan.
Duela hiru aste patronala mahaitik altxa zenetik harremanak etenda dituzte, horregatik, «behingoz» negoziatzen hasteko deia luzatu dute sindikatuek. «Prest gaude eseri eta negoziatzeko, baina ez beraiek inposatutako baldintzen gainean hitz egiteko, hitzarmena edukiz betetzeko eskatzen diogu patronalari», esan du Joana Mendez, LAB sindikatuko ordezkariak.

«Emaitza positiboak izan dira azken urteetan eta aberastasun hori langileen artean banatu behar dutela esan nahi diegu enpresariei». Lan hitzarmen duinak lortzeko borrokan ari dira papergintzako langileak azken asteotan eta 16 eguneko greba egutegiari eutsiko diote. Gaur manifestazio jendetsua egin dute Tolosako kaleetan barrena eta bihar, seigarren egunean, 12:00etan, Donostiako Gipuzkoako plazatik abiatuko da manifestazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!